Ane URKIRI

EH Bilduk gobernatzen duen udaletan «bakartuak» sentitzen dira kutsatu berrien kudeaketan

Ordizia, Urduña eta Urkabustaitz udalerrietako alkateek prentsa agerraldia egin dute EH Bilduk gobernatzen dituen EAEko Udalek, covid-19aren berragerpen eta hauen kudeaketarekin, daukaten sentsazioa azaleratzeko. Lakuaren aldebakartasuneko kudeaketaz kexatu dira eta «bakartuak» sentitu direla adierazi dute. Aztarnarien lan-taldea 70 pertsonatan handitu behar dela ikusten dute.

Ezkerretik eskuinera, Xabier Alvarez de Arcaya, Adur Ezenarro eta Itziar Biguri.
Ezkerretik eskuinera, Xabier Alvarez de Arcaya, Adur Ezenarro eta Itziar Biguri.

Astearteko azken datuen arabera, covid-19arekin kutsatutako 188 kasu positibo antzeman zituzten azken 24 orduetan Hego Euskal Herrian. Agerraldi berri gehiago daude eta ondotik, EH Bilduk gobernatzen duten udaletako alkateek honen inguruko balorazioa egin nahi izan dute.

Ordiziko alkate Adur Ezenarro, Urduñako Itziar Biguri eta Urkabustaitzeko Xabier Alvarez de Arcayak azaldu dituzte sentsazio orokorrak EH Bilduren Donostiako egoitzan. Ondorio nagusi bezala nabarmendu dute agerraldi berrien kudeaketan «bakartuak» sentitu direla, «bakardadean aritzen garen sentsazioarekin».

Ordiziko agerraldia entzutetsua izan zen eta alde horretatik, Ezenarrok gaitzetsi du prentsarekin batera izaten zutela Lakuako Osasun Sailak helarazten zituen datu eta neurrien berri. Hala ere, lanean jarraitu dutela azpimarratu du baina «baliabideak eta informazioa eskura izan gabe».

Alde horretatik, gogoratu dute Udala dela herritarrekiko gertuen dagoen erakundea eta, era berean, herria eta honen baliabideak hobeen ezagutzen dituen erakundea dela.

Erakunde ezberdinen arteko koordinazioarekin eraginkortasuna bikoiztu egingo zenaren sentsazioa daukate, hauen ustez Lakua ez delako erabiltzen ari Udalek eskura dituzten baliabideak.

EH Bildutik Osasun Sailari proposamen zerrenda bat bidali diela gogoratu du Itziar Bigurik baina, oraindik ere, ez dutela erantzunik jaso.

Aldebakartasunaren gaia aprobetxatuta, Iñigo Urkullu EAEko lehendakariari aurpegiratu diote nola haserretu zen Gobernu espainoleko presidente Pedro Sanchezek aldebakartasunaren kudeaketa ezarri zuenean.

Aztarnari gehiago eta zaintza zerbitzuak ez alboratzea

Behin sentsazioak azalduta, gogoetak plazaratu dituzte. Alde batetik, garrantzitsuena berragerpenen antzemateak kontrolatzeko, aztarnarien lan-taldea handitzea beharrezko ikusten dute. Lakuaren datuen arabera 180 aztarnari daude, «baina uste dugu ez direla nahikoak».

«Lanez lepo daude eta gure herrietan ikusi ditugu, oraindik batzuk deiaren zain daude beren etxeetan», ohartarazi du Ezenarrok.

Alderatze asmoz, Alemaniako ratioa 262 aztarnarikoa dela azpimarratu du. Kontziente dira bat-batean ezinezkoa dela zifra horretara ailegatzea baina 70 langile berri kontratatzea bidezko iruditzen zaie.

Gainera, udazkenean txartu daitekeen egoerara begira jartzea komeni dela ere gogoratu dute. Horregatik, azpimarratu dute, udako berragerpen hauetan ikasitakoa aprobetxatu eta gaizki eginikoari buelta emateko garaiz gaudela.

«Erakundeen artean koordinatzeko baliabideak ezinbestekoak dira, Udalarekin elkarlana ez bada egiten kutsatuen katea etetea zailagoa izango da», nabarmendu du.

Azkenik, berragerpenen ondotik eten diren zerbitzuen kasuan, tokian tokiko errealitate inmunologikoan oinarrituta plangintza bat egiteko «premia» ikusi dute. Ez dute uste konponbidea denik eguneko zentroak bat-batean ixtea, honek familientzat dakarren albo-kalteak kontuan izan gabe. Hala, zaintza neurriak aktibatzea kontziliazio lanak errazteko funtsezko iruditzen zaie.

Eta, bestalde, haurren udalekuak etetearekin ere kexu agertu dira. Plangintza integrala egin behar dela adierazi dute, begirale eta erabiltzaileen osasuna bermatuko duen neurri guztiak kontuan hartuta.