NAIZ

Belakok abuztuaren 27an aurkeztuko du zuzenean ‘Plastic Drama’ disko berria

Osasun krisialdiak eragindako atzerapenaren ostean, Belako talde bizkaitarrak abuztuaren 27an aurkeztuko du ‘Plastic Drama’ disko berria, Bilboko Euskaldunan eskainiko duen kontzertu berezian. Diskoa ordu batzuk beranduago argitaratuko dute.

Belakok abuztuaren amaieran aurkeztu behar zuen bere lan berria, ‘Plastic Drama’. (Gaizka PEÑAFIEL I FOKU)
Belakok abuztuaren amaieran aurkeztu behar zuen bere lan berria, ‘Plastic Drama’. (Gaizka PEÑAFIEL I FOKU)

Belako musika talde bizkaitarrak ‘Plastic Drama’ bere laugarren diskoa aurkeztuko du datorren abuztuaren 27an zuzenean Bilboko Euskalduna Jauregian. Hain zuzen, lana argitaratu baino ordu batzuk lehenago emango dute kontzertua, areto bilbotarreko arduradunek jakinarazi dutenez.

Disko berriaren aurrerapen kantak aurkeztu ondoren (‘Tie Me Up’, ‘The Craft‘, ‘marinela2017’, ‘Truce’ eta ‘All Nerve’ kantuak zabaldu dituzte, besteak beste), Mungiako taldea buru-belarri sartuko da orain lanaren zuzeneko aurkezpenean. Horrela, autozineetan egindako bira labur baten ondoren helduko da Euskalduna jauregira. Bira horretan Madril, Denia eta Getxoko autozineetan kontzertu bana eskaini zuen talde mungiarrak eta, esperientziak emandakoa jasotzeko, dokumental bat ere grabatu dute.

Bi egun beranduago, abuztuaren 29an, Bartzelonako Primavera Sound jaialdiko Las Nits del Forum gunean arituko da, eta hilaren 30ean, aldiz, Madrilgo La Riviera aretoko Crew Nation zikloan.

Euskaldunako kontzerturako sarrerak salgai daude dagoeneko Euskaldunaren webgunean eta ohiko beste kanal batzuetan, 22 euroren truke (kudeaketa gastuak barne). Kutxabanken #KreoEnTiKultura kanpainaren webgunearen bitartez erosten bada 5 euroko beherapena izango da sarrerako.