NAIZ

Joan Mari Torrealdai euskararen eta euskal kulturaren aldeko langilea zendu da

Joan Mari Torrealdai 77 urterekin zendu da, gaixotasunaren kontra luze borrokatu ostean. Azken hamarkadotan euskal kulturaren eta euskalgintzaren erreferentzia nagusietako bat izan da Torrealdai.

Euskara Batuak 50 urte bete zituela-eta, Euskaltzaindiak biltzarra antolatu zuen. Bertaratutakoek sinatutako agiria Torrealdaik irakurri zuen. (Aritz Loiola/FOKU)
Euskara Batuak 50 urte bete zituela-eta, Euskaltzaindiak biltzarra antolatu zuen. Bertaratutakoek sinatutako agiria Torrealdaik irakurri zuen. (Aritz Loiola/FOKU)

Foruan jaio zen Joan Mari Torrealdai, 1942ko azaroan. Ekarpen oparoa egin dio azken hamarkadetan euskarari eta euskal kulturari. 2015ean hezur-muineko minbizia zuela iragarri zuen, eta orduz geroztik gaitzaren kontra borrokatu da. Gaur hil da, azken tratamenduak huts egin ostean.

Gaitzaren berri publikoki iragarri zuen 2015eko apirilean. Esanahiez beteriko iragarpena izan zen, torturari buruz Baionan Unibertsitateak antolatutako forum batean egin baitzuen. Izan ere, gaitza Guardia Zibilaren eskutan jasandako tratuaren ondorio zela uste zuen Torrealdaik. 2003ko otsailean ‘Euskaldunon Egunaria’-ren kontra burututako operazioan atxilotu zuten.

Atxiloketaren ondotik, Auzitegi Nazionaleko epaileak espetxeratu egin zuen denbora batez, ‘Euskaldunon Egunkaria’ ETA erakundearekin elkarlanean ari zela egotzita. 2010ean kargu guztietatik absolbitu zuten, gainerako inputatuekin batera.

Minbiziari «bizitzeko gogoarekin» aurre egingo ziola iragarri zuen, eta horretan aritu da azken urteotan ere. Ekarpena egiten segitu du. Esate baterako, 2018an Euskaltzaindiak Euskara Batuaren 50 urteak ospatzeko antolatu zuen biltzarrean Torrealdaik irakurri zuen ‘Euskara Batuaren Adierazpena’. Hamar puntutan euskara batuaren garrantzia, ibilbidea eta erronkak berretsi zuen agiriak.

‘Jakin’ aldizkaria, Euskaltzaindia...

Lan handia egin zuen euskararen eta kulturaren arloan, eta lan hori egiteko dokumentaziori garrantzi berezia eman zion beti. Beste leku askotan bezalaxe, GARAko erredakziora ere azaltzen zen dokumentatzera.

Arantzazuko (Gipuzkoa) santutegiko frantziskotarretan ikasketak egin eta Okzitaniako Tolosan Teologian lizentziatu zen. Ondoren, ordena erlijiosotik bereizi zen. Euskal Herriko Unibertsitatean Informazio Zientzietan lizentziaduna, Soziologia eta Zientzia Politikoetan doktoregoa lortu zuen Deustuko Unibertsitatean zentsura frankistaz egindako lanagatik. Aspalditik Usurbilen bizi zen Torrealdai.

‘Jakin’ aldizkariaren zuzendaria izan zen, 1967tik 2014 arte. Orduz geroztik Jakin Fundazioaren lehendakaria izan da. ‘Jakin’ek berak jasotzen du Torrealdaik euskalgintza eta kulturgintzaren esparruan izandako ibilbide luzea: ‘Anaitasuna’ hamabostekariaren zuzendaria; Elkar argitaletxearen sortzailea, Elkar Fundazioaren Patronatuko kidea eta ‘Euskaldunon Egunkaria’-ko Administrazio Kontseiluko kidea eta lehendakaria, beste gauza askoren artean. Beharbada hain ezagun ez diren bi adibide jartzearren: Euskal Idazleen Elkarteko idazkaria izan zen 1969-1977 aldian, eta Euskal Soziologoen Elkarteko idazkaria 1979 eta 1980 urteetan.

Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen 1975eko ekainean, eta euskaltzain oso 2007ko azaroan. 2017an euskaltzain oso emeritu izendatu zuen. 2011n Jose Antonio Arana Martija zenaren lekua hartu zuen Azkue Liburutegiko arduradun gisa.

Lan ugari saiakeran eta kazetaritza arloan

Auñamendi Entziklopediak Torrealdairen biografia nahiko osatua jasotzen du. Bertan argiki egiazta daitekeenez, saiakera eta kazetaritza arloetan lan asko egin zuen. ‘Iraultzaz’ (Jakin, 1973) saiakeraren ondoren, oihartzun handia izan zuen lan bat argitaratu zuen, euskarazko idazleei buruzko ikerketa soziologikoa: ‘Euskal Idazleak gaur- Historia social de la lengua y literatura vasca’ (Jakin-Caja Laboral Popular, 1977).

1985ean ‘Euskal Telebista eta euskara’ liburua argitaratu zuen Elkarrekin. Informazio Zientzietako lizentziaturako tesina zen, fakultate horretan euskaraz aurkeztu zen lehena.

1993an ‘XX. mendeko euskal liburuen katalogoa (1990-1992)’ kaleratu zuen, non XX. mendean euskaraz argitaratutako liburuen berri ematen zen. Lehen liburuki hau beste batzuekin osatu zen hurrengo urteetan.

1997an, euskarazko kulturaren egoerari buruzko beste ikerketa soziologiko mardul bat kaleratu zuen, literatura erdigunean jarrita: ‘Euskal kultura gaur’ (Jakin-Euskadiko Kutxa-Elkarlanean).

1998an ‘El libro negro del euskera’ (Ttarttalo) argitaratu zuen, non euskarak mendeetan zehar jasandako erasoak jaso zituen. Urte berean Martin Ugalde idazlearen biografia argitaratu zen: ‘Martin Ugalde. Andoaindik Hondarribira Caracasetik barrena’ (Elkarlanean).

Data horietan ‘La censura de Franco y los escritores vascos del 98’ (Ttarttalo) argitaratu zuen, eta Irun Hiria saiakera Saria irabazi zuen Francok liburuei ezartzen zien zentsurari buruzko lan batengatik: ‘La censura de Franco y el tema vasco’ (Kutxa, 1999).

2000. urtean, euskarazko liburuei ezarritako zentsura frankistari buruzko ikerketa bat argitaratu zuen: ‘Artaziak. Euskal liburuak eta Francoren zentsura, 1936-1983’ (Susa).

Torrealdaik aspaldidanik zuen erregimen frankistaren zentsuraz interesa. Aipatu bezala, Soziologiako doktorego-tesia gai horri buruz egin zuen. Azterlanaren iturri nagusia Alcala de Henaresko Administrazio Zibileko Artxibo Nagusia izan zen.

2003ko gertaera gogorren ostean, hurrengo urtean, ‘Imanol Murua, Gipuzkoako alkate’ biografia argitaratu zuen.

Sariak

Sari ugari jaso zituen bere bizitzan zehar Torrealdaik. Hona hemen Wikipedian jasotako zerrenda luzea: 1972, Gerediaga Elkartearen Kirikiño Saria; 1977, Tontorra Saria; 1997, Zilarrezko Euskadi Saria, ‘Euskal kultura gaur’ liburuari liburu dendariek emana, Donostian ospaturiko Liburu Eguneko Azokan liburu salduena izateagatik; 1998, Zilarrezko Euskadi Saria, ‘El libro negro del euskera’ liburuari liburu dendariek emana, Donostian ospaturiko Liburu Eguneko Azokan liburu salduena izateagatik; 1998, Kutxa Fundazioaren Irun Hiria Literatur Saria; 1999, Foruko Udalak Joan Mari Torrealdai izena eman zion Kultur Etxeari; 2005, Euskal PEN Klubaren Idazluma; 2006, Durangoko Azokako Argizaiola saria; 2007, Ohorezko aipamena, XIX. Rikardo Arregi Kazetaritza Sarian; 2009, Dabilen Elea Saria, EEE, EIE, EIEP, EIZIE eta Galtzagorri elkarteek emana; 2010, Lauaxeta Saria, euskara eta euskal kultura sustatu, zabaldu eta normalizatzeko egindako lanagatik, Bizkaiko Foru Aldundiak emana; 2011, Dabilen Elea saria; 2015, Manuel Lekuona Saria irabazi zuen; 2015, Euskal Herriko Ikastolen Elkartearen omenaldia Kilometroak festan; 2018, Gipuzkoako Urrezko Domina jaso zuen Jakin Taldearekin (Jose Azurmendi, Joseba Intxausti, Paulo Agirrebaltzategi eta Joan Mari Torrealdai).