Izkander FERNÁNDEZ

Skabidean taldeak jai giroan eman die amaiera NAIZ Kontzertuei

Euskal Herria tropikalaren ideia beti egon da presente gure eszenan eta gaur protagonista nagusia izan da Totem aretoaren agertokian. Skabidean taldeak dantzarako gonbidapena luzatu dio publikoari, bai bertatik bertara jarraitu duen jendeari eta baita etxetik kontzertua jarraitu duten milaka ikusleei. NAIZ Kontzertuak amaierara heldu da bederatzi emanaldi eta denboraldi biren ostean. Bi hilabete hauetan gure eszena indartzeko eta saretzeko ahalegina egin berezia egin duen ekimena bizi izan dugu.

Skabidean taldea, Totem aretoko taula gainean. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Skabidean taldea, Totem aretoko taula gainean. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Gaur gauean, momentuz, NAIZ kontzertuak izeneko ekimenaren amaiera ikusi dugu. Duela bi hilabete Gatiburen kontzertuarekin hasitako kontzertu sortak bi denboraldi arrakastatsu ezagutu ditu. Publikoak, bai etxetik bai bertatik, zuzeneko musikarekin gozatzeko aukera izan du bederatzi astetan zehar.

Seguruenik, komunitate bezala gozatu egin dugu Skabidean taldearen kontzertuaz, duela bederatzi aste Gatiburekin disfrutatu genuen bezala. Hilabete hauetan guztietan ez dugu aldamenekoaren ukondoa, sorbalda edo bizkarra ukitu. Izerdia eta oxigenoa ez ditugu konpartitu. Baina bai, bederatzi aste hauetan zehar, nolabait, publikoa izan gara. Komunitate zabal bat osatu dugu berriro. Gure musikaren inguruan batu den, batzen den eta batuko den komunitatea.

Amets bat bezala gogoratuko dugu NAIZ Kontzertuekin erlazionatutako guztia. Hasierako iragarpenak, karetaren post rock doinuak edo lehen plano distiratsua gure pantailan ikusten genuenean. Eta gogoratuko ditugu, bai, azken kontzertu honen lehen segunduak: emakume bat 2060. urtean NAIZ Irratia entzuten ikusi dugu eta bertan Skabidean «talde mitikoak» NAIZ Kontzertuetan emandako kontzertuari buruzko kronika ematen hasi dira.

Jarraian ‘Izaera’ introa entzun dugu eta lehenengo abestia heldu da: ‘Heldutasunari’. Ez dago misterio handirik eta ez da behar, inondik inora. Skabideanekoak ska, reggae eta rocksteady doinuekin zoriontsuak dira eta agerian geratu da kontzertuaren lehenengo abestietan. Baina Skabidean ez da hor bakarrik geratzen. ‘My Flame’ kantan soul ikutu politak entzun ditugu. Neskez osatutako hirukoteak, aintzinako The Black Birds talde ohiak, ezohiko berotasuna eta sakontasuna ematen dio Skabidearen proposamenari.

Segidan ‘Makilakixki’ abestia eskaini diete espainiar eta frantziar estatuei: «Kaña España eta Frantziari. Kulturaren lapurrak». Iruñerria eta Jamaikaren arteko zubiak eraiki dituzte Skabidean taldearen hamaika lagunek eta, horrela, uztailaren azken ostiraleko gaua jai giroan eta dantza artean agurtu dute ‘Iruñerria Jamaica Clash’ eta ‘Arazoak dira’ kantekin. Jarraian, ariketa instrumental baten ostean Oskorriren ‘Aita Semeak’ abestiaren moldaketa interesgarri bat eskaini dute.

Berriro nesken hirukotearekin agertokian soul doinuak berreskuratu dituzte ‘Nire gorputza’ ereserki feministarekin eta ‘Loezina’ kanta bikainean. NAIZ Irratiko fikziozko uhinak berriro berreskuratu dituzte munduko herri zapalduei batasun deia egiteko eta Carlos Mejía Godoyren ‘Nicaragua, Nicaragüita’ kanta klasikoa eskaintzeko.

Soineko gorridun dantzari bi publiko aurrean agertu dira ‘Urtaroen doinua’ kantaren doinu malenkoniatsuekin batera dantza egiteko. Nesken eztarriak protagonistak izan dira berriro ‘Zuretzako Omena’ eta ‘Take me home, country roads’ abestiaren bertsioarekin. Jatorrian John Denverrek konposatu zuen kanta Toots and The Maytalsek bertsionatu zuen, hitzetan aldaketak eginez eta Virginiako mendebaldea Jamaikako mendebalde bihurtuz. ‘Hamaika gara’ izan da bloke honen azkenen kanta.

Kontzertuaren azken txanpa emakumeen ahots hirukoterik gabe hasi da ‘Betirako’ kantarekin, Lucio Urtubiari egindako omenaldi polita. Eta hamaikak agertokiaren gainean zeudela gauari amaiera ematen hasi dira. ‘Gaztediarena’ euskal gaztedi langileari eskainitako ereserkia, ‘Zergatik? Hargatik!’, ‘Don Boogie On’ eta ‘Biziraun’ kantek itxi dute NAIZ Kontzertuen bederatzigarren eta azken emanaldi bero eta goxo hau. Hemendik aurrera, Skabidean taldearen doinuak, udaren eta sargoriaren soinu banda bilakatuko dira. Oroitzapen ezin hobeak izango dira.