Andoni SAGARNA

Joan Mari joan zaigu. Nahigabe bikoitza

Bai, joan zaigu, asko sufrituta. Gaixotasunak eta, seguruenik, gaixotasuna ekarri zioten bidegabekeriek eragindako sufrikarioak pairatu ditu. Lehenik eta behin, familiari eta lagunei bidali nahi dizkiet une honetan mindurik dudan bihotzetik nire doluzko goraintziak. Asko dira Joan Marirekin izandako harremanen oroitzapenak. Ezagutu, 1969an ezagutu nuen, Euskaldunen Alfabetatzearen inguruko konturen batekin. Geroztik Jakin, Elkar eta Euskaltzaindia izan dira, batez ere, gure harremanen topaleku. Gutxik bezalako formazioa zuen Joan Marik eta oso gutxik bezala eraman zuen bere jakinduria praktikara. Jakinduria modernoa zuen, gainera. Kulturaren ikerketa soziologikoaren haize berriak ekarri zituen gure artera: “Euskal idazleak gaur” eta “Euskal kultura gaur” lanak dira, besteak beste, horren erakusgarri. Frankismoaren zentsura ikertzeko, gai horri buruzko dokumentazioaren bila, artxiborik ezkutuenetan murgildu zen. Bere ametsik maiteenetako bat Euskal Biblioteka Nazionala zen eta hori bultzatzeko ahalegin guztiak egin zituen. Zer esan, berriz, urtez urte, hainbeste urtean egin zituen euskal liburugintzaren analisiez, eta XX. eta XXI. mendeko euskal liburuen katalogoaz.

Euskaltzaindian, kide ez ezik, bidaide ere izan ginen hainbat bider, auzokideak izan garenez, elkarrekin joaten baikinen osoko bilkuretara, joan-etorrietan geure bilkura partikularra, konfiantzazkoa, eginez. Jarraituko nuke harekiko izan dudan estimua agertzen eta ez nuke bukatuko. Merezimendu handiko gizona, merezi ez zuen tratu ankerra jasan beharra izan duena. Agur, bada, Joan Mari. Ez gaituk zurtz utzi; hire eredua eta hire emaitza oparoak gurekin gelditu dituk.