NAIZ

Jagoba Codó, larriki gaixo dagoen presoa, baldintzapeko askatasunean

Auzitegi Nazional espainolaren auto judiziala irmo bihurtuta, larriki gaixo dauden presoen zerrendan dagoen Jagoba Codó donostiarra, baldintzapeko askatasunean geratu da, Etxeratek jakinarazi duenez. 19 urte eman ditu espetxean.

Jagoba Codóren aldeko protesta bat, Donostian. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Jagoba Codóren aldeko protesta bat, Donostian. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Jagoba Codók Martutene CISen eman ditu azken asteak, astelehenetik ostegunera bertara joaten, Sebas Etxaniz eta Fernando Alonso euskal presoekin batera. Hirugarren gradua eman zitzaienetik gertatu da; aurretik Logroñora hurbildu zuten.

Hala ere, espetxealdiaren urte gehienak Castelló-n egin ditu preso donostiarrak. Eta oso baldintza gogorretan, gaixotasun degeneratiboa duelako, mugikortasuna mugatzen duena.

Bere kasuak argi islatu du EPPKren borrokan graduz aldatzeko oztopoak. Aspaldi-aspaldi beteak zituen zigorraren hiru laurdenak, ‘odol deliturik’ ez zuen eta bere eritasuna eransten zen; baldintza guztiak betetzen zituen, beraz, kaleratua izateko, baina behin eta berriz saiakerak egin behar zituen lehen gradutik bigarrenera pasatzeko. Azken hilabete hauetan azkarrago joan dira gauzak eta azkenean kalean da donostiarra.

Etxeratek gogorarazi du Gorka Fraileren ondotik, EPPKren borroka ibilbide juridiko-penitentziarioa amaierara arte eramatea lortu duen bigarren presoa dela Jagoba Codó. 

Elkarteak salatu duenez, «onartezina da hiru laurdenak beteta edo beteko dituzten 79 presoen gehiena lehen graduan izatea, gehienak ehunka kilometrotara dauden espetxeetan izanik». 

Era berean, egungo osasun krisian euskal presoek bizi duten salbuespen egoera salatu du Etxeratek. «Munduko Osasun Erakundearen gomendioak jarraiki, larri gaixo diren zein 70 urtetik gorako euskal preso politikoen berehalako askatasuna eskatzen dugu, baita baldintzapeko askatasuna eta grauden progresio ahalabideratzea», azpimarratu dute.