Azkoitia-Azpeitia maratoi erdi entzutetsuaren 27. ekitaldia bertan behera gelditu da azkenean. Diego Garciaren oriomenez udaberrian korritu ohi den lasterketa irailaren 19ra atzeratu zuten hasiera batean, baina Covid-19ak sortutako arazoak medio, azkenean bertan behera uztea erabaki dute antolatzaileek.
«Arduraz jokatzeko unea da. "Normalitate berria" beste modu batetara joango balitz lasterketa egiteko aukerak handiak izango ziren, baina gaur egun ez dira betetzen gure ustez gutxieneko baldintzak eta, behin betikoz, Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia ez da burutuko 2020. urtean», azaldu dute antolatzaileek ohar baten bidez.
Ohar horretan, orain arte egindako lan guztia nabarmentzeaz gain, antolatzaileek eskerrak eman nahi izan dizkiete babesle eta korrikalariei. «Eskertu bihotz bihotzez izena eman duten korrikalari guztiei. Beraiekin harremanetan ipiniko gara datozen egunotan, eta beraien izen ematea kudeatzeko aukera desberdinak izango dituzte (datozen egunotan emango dugu honen berri)», azaltzen dute.
«Aurtengoa ez da izango, baina dagoeneko 2021ko edizioaren hazia ipini dugu. Ikutu positiboa duen hazia (Diego Garciaren izaera bezala), martxoaren 20ean emango du frutua hazi horrek», aurreratzen dute azkenik, jada datorren urteko lasterketari begira jarriz.