Idoia ERASO

Ramiro Arrueren obraren balioa gora doa enkanteetan

Ramiro Arrue XX. mendeko margolari bilbotarraren obren prezioek gora egiten segitzen dute. Larunbata honetan ‘Fête au Pays Basque avec danseur au gilet rouge’ obra ‘ezezaguna’ eta ‘berezia’ jarriko da salgai Donibane Lohizunen. Artistaren garai gorenean margotu obra, 100.000 eta 150.000 euro artean baliostatua da.

‘Fandango’ edo ‘Dantzari’ bezala ezaguna den obra Baionako museoan. (GUILLAUME FAUVEAU)
‘Fandango’ edo ‘Dantzari’ bezala ezaguna den obra Baionako museoan. (GUILLAUME FAUVEAU)

Euskal Herria izan zen Arrueren inspirazio iturria, era figuratiboan aurkezten zuena, eta ‘Fête au Pays Basque avec danseur au gilet rouge’ olio-pinturak ezaugarri horiek betetzen ditu. Obraren tamaina ederra da, 90 x 301 zm egiten baititu, 1934. urtean egina izan zen, margolariaren garai gorenean, eta prezioa ere ‘handia’ izatea espero da, 100.000 eta 150.000 euro artean baliostatua baita.

Obraren ezaugarriak kontuan harturik, eta joan den urtean 31 x 34 zmko taula txiki bat 82.000 eurotan saldu zela jakinik aurrikusitako prezioa inolako arazorik gabe lortuko dela aurrikus daiteke. Prezio hori gainditzeko parada ere bada, jada gertatu izan den bezala.

Gaur bertan, larunbatarekin, Donibane Lohizunen, Côte Basque Enchèresek enkantean jarriko duen margolana ‘ezezagun’ gisara definitu daiteke. Izendapen hori, Arrueri buruz idatzitako erreferentziazko obretan edo egindako erakusketetan agertzen ez delako eman dakioke, baina Lapurdi kostaldeko herriko Maitena trinketean ibiltzeko ohitura zeukaten bezeroen artean ezaguna da, izan ere, artistak margotu zuenetik, eta 1985era arte, bere tamaina ikusgarriarekin, denen ikusgai, jarrita egon zen jatetxean. Garaiko trinketeko jabeen familiak jarri du salgai, bere kontserbazioa segurtatzeko baliabiderik ez daukalako.

Koadroak artistaren biziarekin duen loturari begiratuta ‘berezia’ ere badela gaineratu daiteke. Bilbon 1892n jaioa, margolari, ilustratzaile eta dekoratzailea 1917an joan zen bizitzera Donibane Lohizunera, eta bertan hil zen 1971an, txiro eta bakarrik. Olio-pintura trinketearen inauguraziorako margotu zuen 1934ean, eta bere bizitzako azken urteetan, berari begira jaten zuen bakarrik, Herriko Etxeak ematen zizkion janari bonoak Maitenan baliatzen baitzituen Arruek.

Prezioak gora

2017an Arrueren obrari loturik gertatu den sopresa handiena izan zen, ‘La Mère’ koadroa 243.000 eurotan saldu zen, 50.000 eta 80.000 euro artean baliostatuta zegoelarik.

2019ko apirilaren 27an Getarian eta biharramunean Donibane Lohizunen, margolari bilbotarraren bi obra jarri zituzten enkantean. ‘Les Grands Pelotaris’ margoa 90.000 eurotan saldu zen lehenik, eta ondoren Estatu Batuetatik etorritako erosle batzuk, 31 x 34 zm egiten dituen taula bat 82.000 eurotan erosi zuten.

Azken salmenta publikoak duela hiru aste egin ziren Biarritzen. Bertan ‘La Fête du village’ olio-pintura saldu zen; 60.000 eta 80.000 euro artean zegoen baliostatuta, eta 74.000 eurotara ailegatu zen. Enkante berean. 22x27 zm-ko neurria zuen kartoi gaineko olio-pintura 8.000 eurotan saldu zen.

Museoak Baionan, Bilbon, Mediterraneoan…

Baionako Euskal Museoko sortzaileetako bat izan zen Arrue 1922an, Philippe Veyrin eta William Boisselekin batera, bertako kolekzioan, hamarnaka margo, marrazki eta afixa badira, eta gaur egun, 1927an egin zuen ‘Famille de pêcheurs et paysans’, museoko obra erreferenteetako bat da. Erakundeko liburutegian, beste artistekin batera egin zituen obrak ere kontsultatu daitezke, gehienetan testuetako ilustrazioak daude eskura jarrita.

Baionatik kanpo ere, bere lanak toki anitzetan ikus daitezke, kolekzio pribatu ugarietaz gain, Bilboko, Gasteizeko, Paueko, Genevako museoetako kolekzioetan beraien obrak dauzkatelako. Bergarako Telesforo Monzon fundazioak ere baditu hainbat lan.

Hala ere, artista bilbotarraren lana ezagutzeko tokirik hoberena Mediterraneo aldean dago. Bere obrak dauzkaten guneen artean, kopuru handiena izateaz gain, bitxiena ere bada, Monako ondoan dagoen Cap d’Aliko gunea, Ramiro Arrue Museoa, hain zuzen ere. Michel Gramagliak Karmele Lemoniz emazte getxoztarrarentzat erositako obrekin hasi zen proiektoa, eta 2014ean euskal artistari eskainitako museoa ireki zuen, non 150 eta 180 pieza inguruko kolekzioa baden gaur egun.