NAIZ

Presoen eta iheslarien etxeratzearen aldeko VII Itsas Martxa egin da Plentzian

Etxeratek antolatuta, VII. Itsas Martxa burutu da gaur eguerdian Plentziako itsaslabarrean, euskal preso, iheslari eta deportatu politikoen etxeratzearen alde. Fermin Muguruzak girotu du.

Plentzian, gaur eguerdian, segurtasun neurriak hartuta egin den VII. Itsas Martxa (Aritz LOIOLA/FOKU)
Plentzian, gaur eguerdian, segurtasun neurriak hartuta egin den VII. Itsas Martxa (Aritz LOIOLA/FOKU)

Zazpigarren urtez, Etxeratek antolatuta Itsas Martxa egin da gaur eguerdiko 12:30ean Plentziako itsaslabarrean «Dispertsioa stop! Preso, iheslari eta deportatuak Euskal Herrira!» lemapean. Urtero bezala, senideei omenaldia egin zaie aurrentik eta ondoren preso bakoitzeko lore bana uretara bota eta martxa egin dute paseotik hondartzaraino. Aurten, Fermin Muguruza izan da giroa alaitzen itsasontzi batetik.

Koronabirusak eragindako pandemia egoera dela eta, antolatzaileek «elkar zaintzea eta osasun neurriak bermatzea» eskatu dizkiete parte hartzaileei. Horrenbestez, aurten ez dute bazkari herrikoirik antolatu martxa bukatzean eta zortzi euroren trukean, presoak Euskal Herrira logoa duten musukoak nahi zituen ororentzat eskuragai jarri dituzte.

Deitzaileek, salbuespenezko espetxe politika «hiltzailea»rekin amaitzeko beharra nabarmendu dute. «Berandu baino lehen denak etxera» eta «preso, iheslari eta deportaturik gabeko Euskal Herria», aldarrikatu dituzte.

Dela hiru urte Badajozeko espetxean preso zegoela bihotzekoak jota hil zen Kepa del Hoyo gogoan izan dute. 2017an egin zen IV. martxan Del Hoyoren emaztea, Maite Sanchez, eta bien semea, Peru, omendu zituzten kaian euripean mobilizazioa hasi aurretik.

«Hiru urte Kepa barik. Abuztuaren 16ko VII. Itsas Martxa honetan, Kepa erail zuen eta indarrean jarraitzen duen espetxe politika kriminala» bertan behera uzteko aldarria plazaratu dute.