Jon Ormazabal

Puntua Ezkurdia-Arangurenentzat (22-16), mina eta kezka Jaka-Albisurentzat Zarautzen

Partida onik ikusi ezinda jarraitzen dute Aritzbataldeko pilotazaleek eta gainera Lizartzako aurrelariak min hartu du eskuin zangoko bikian.

Jakak eskuin bikiko minez amaitu du Aritzbatadeko partida (Iñigo URIZ/FOKU)
Jakak eskuin bikiko minez amaitu du Aritzbatadeko partida (Iñigo URIZ/FOKU)

Berri onik ez Aritzbataldetik. Estelarra berriz ere ustel xamarra irten da eta okerrena dena, partida amaitzea lortu badu ere, Erik Jakak min hartu du eskuin zangoko bikian eta ikusteke dago hurrengo jardunaldietan jokatzerik izango duen. Eguneko poz bakarra Joseba Ezkurdia eta Aitor Arangurenek eraman dute, distira handirik gabekoa izan bada ere, gaur batutako bosgarren puntuak gora begira jarraitzea bermatzen die-eta.

Txarrena, ezbairik gabe, Erik Jakaren lesioa izan da, partida minez amaitu baitu eta hurrengo egunetan egingo zaizkion probetan ikusiko da zenbaiterainoko larritasuna duen lesioak. Partida seina berdinduta zela eskatu du lizartzarrak aldagelara sartzeko baimena Txema Urrutia medikuak azter zezan, eskuin bikian ziztada bat nabaritu ostean. Zonaldea lotu eta proba batzuk egin ostean jokatzen jarraitu du aurrelari gipuzkoarrak eta, hasiera batean normal antzean aritu den arren, partidak aurrera egin ahala nabarmena izan da deseroso jardun dela eta nahikoa minduta amaitu du.

Arangurenek ondo erantzun du

Tarteka gauza politak ikusi ditugun arren, Erik Jakaren hasierako hiru erremateak tarteko, lesioa gertatu artean partida ez zen ona izaten ari eta ondoren are gutxiago. Segidarik ez du izan eta aukeran huts gehitxo pilatu dituzte bai batzuek bai besteek. Alor horretan Aitor Aranguren nabarmendu beharko genuke, bera izan da eta erregularrena, partida guztian pilota bakarra galduz, eta hura erasoan galdua, dejada botata 19-13koan.

Azterketa zaila zuen Aginagakoak, Albisuren kontra eta atzelarientzat frontoi benetan deserosoan, eta bikain erantzun du, nahiz eta amaierarako eskuin eskua kargatu zaiola onartu duen. Ez du agian sekulako pilotakadarik jo, baina Albisuri ez dio bizkarrik ikusi partida osoan zehar eta hori garaipen handi bat da edozein atzelarirentzat.

Egia da, baita ere, ataundarrak ez duela batere partida onik jokatu. Ez da ongi hasi eta partidatik irten egin da bikotekidearen lesioaren ondoren, 14-6 ihes egin dute gorriek. Denera zortzi pilota bota ditu eta Jakak beste bost.

Galtzaile aritu da baita ere Joseba Ezkurdia, nahiz eta sentsazioak aurreko partidetakoak baino hobeak izan dituen arbizuarrak eta txispa berreskuratzen ari den. Urdinak bi tantura gerturatu diren arren (14-12) gorriak askoz zuzenago aritu dira eta merezitako garaipena eskuratu dute.