NAIZ
BOGOTA

Gutxienez 17 hildako Kolonbian, 24 ordu baino gutxiagoan izandako hiru sarraskitan

Azken 24 orduotan Kolonbian jazotako hiru sarraski berritan gutxienez 17 pertsona hil dira. Ustez narkotrafikoari edo paramilitarismoari lotutako ekintzak lirateke, Radio Caracolek aipatutako iturri ofiziale arabera.

Samaniego sarraskiaren ondotik hartutako irudi bat. (Leonardo CASTRO/AFP)
Samaniego sarraskiaren ondotik hartutako irudi bat. (Leonardo CASTRO/AFP)

El Caracolen (Arauca), Venezuelako mugan, bost lagunen gorpuak antzeman dituzte, Herriaren Defendatzaileak jakinarazi duenez.

Bestalde, La Guayacana izeneko landa-eremuan, Tumacon, Kolonbiako Nariño departamenduan, sei lagun hil dituzte.

Radio Caracolek aipatutako iturri ofizialen arabera, narkotrafikatzaileak edota paramilitarrek burututako ekintzak izan daitezke. 

«Goizealdean sei pertsona hil dituzte La Guayacaa sektorean. Polizia Nazionalak sarraski honen berri eman dit eta segurtasun kontseiluaren bilera daukagu [Ivan Duque] presidentearekin. Bertan emango dizkigute Nariñoko zonalde horretan gertatutakoaren inguruko xehetasun gehiago», azaldu dio Efe agentziari departamenduko gobernadore Jhon Rojasek.

Rojasen esanetan, biktimei suzko armekin egin zieten eraso, inguruan tiro hotsak entzun zirelako. Hildakoen artean gazteak daudela ere gaineratu du.

Sare sozialetan argitaratutako bideo batean, «oso triste» agertu da gobernadorea eta Duquerekin egitekoa duten bilkuran «neurririk onenak» hartuko diren itxaropena adierazi du. Zehazki, espero du departamenduan aritzen diren talde armatuen aurka «ekintza sendo bat» diseinatzea, eskualdeak behar duen «inbertsio soziala» indartzea eta «legez kanpoko erabilera duen laborantzaren borondatezko ordezkapenerako proposamen garrantzitsu bat» aurkeztea.

Tumacokoa ezagutu baino ordu batzuk lehenago, El Tambon (Cauca) beste sei lagun akabatu dituzte, Carlos Vela alkateak berri eman duenez.

Asteartean jakin zenez, egun batzuk lehenago gizon armatuek Awá komunitateko hiru indigena hil zituzten Pialapi-Pueblo Viejo babesgunean, Nariño departamentuko landa-eremu isolatu batean.

Hiru egun lehenago, 19 eta 25 urte bitarteko zortzi gazte hil zituzten, Santa Katalina herrixkan, Samaniego udalburutik gertu, Nariñon ere. Ordu batzuk lehenago, 26 urteko beste emakume bat ere erail zuten bertan.

Hilaren 11n, beste ezezagun batzuek, bost adingabe akabatu zituzten, denak 14 eta 15 urte bitartekoak, Caliko Llano Vere auzoaren atzean dagoen kanaberadi batean, Valle del Cauca departamenduan.