NAIZ

Abu Sayyafeko yihadisten sarraskia Mindanaon, Filipinetan

Gutxienez 12 hildako eragin dituzte Mindanaoko irla batean izan diren bi eztandek. Poliziak Abu Sayyaf talde yihadista ikusten du sarraskiaren atzean. Taldea Filipinetako hegoaldean dagoen herrialde musulmanaren independentzia aldarrikatzen duen mugimendu armatu baten aspaldiko eszisioa da.

 Jolo hirian gertatu dira bi eztandak. (Nickee BUTLANGAN-AFP)
Jolo hirian gertatu dira bi eztandak. (Nickee BUTLANGAN-AFP)

Bi lehergailuk eztanda egin dute ordu bateko aldean Jolo erdian, Sulu probintziako hiriburuan. Erasoek gutxienez 12 hildako eta hogei bat zauritu eragin ditu.  

Lehen erasoan motozikleta batek eztanda egin zuen Armadaren kamioi baten ondoan. Ordu bat beranduago, eta Polizia tokia ixten ari zela beste eztanda bat gertatu zen handik 70 metrotara.   

Hildakoen artean 5 soldadu daude eta beste 18 zaurituen artean daude.  

Polizia eta Armada ziur daude Abu Sayyaf talde yihadista sarraskien atzean dagoela. Sulu irla gehiengo musulmana duen Mindanaoko herrialdean dago eta yihadisten gotorleku bilakatu da.  
Abu Sayyaf-ek bere gain hartu zuen 2019ko urtarrilean Joloko katedralean, igandeko mezan, izan zen erasoa. 23 pertsona hil ziren, tartean bi erasotzaile, eta ehun bat zauritu zituen azken urteetan Filipinetako hegoaldean gertatu den erasorik odoltsuenean.

2014 Estatu Islamikoari (ISIS) men egin zion talde yihadista 90. hamarkadan sortu zen ondoko Basilan irlan eta ordutik hona dozenaka eraso egin ditu.

Mindanao herrialde musulmanaren independentzia aldarrikatzen duen Nazio Askapenerako Fronte Moroaren (FMLN) barrutik sortu zen eszisio yihadista moduan Abu Sayyaf.

FMLN erakunde armatuak Manilako Gobernuarekin negoziatzeari ekin dio aspalditik. 70. hamarkadatik su-etenak eta borroka armatua tartekatu egin dira Mindanaon.

Azken urteetan inguratu eta ahuldu egin du Abu Sayyaf taldea Armadak. Yihadistak Suluko artxipelago ezkutuan babestu dira. ISISaren kalifatotik ihes egin zuten hainbat yihadista bertan ezkutatuta dauden susmoa du Poliziak.

Joan den ostegunean Abu Sayyafen agintarietakoa den Anduljihad «Idang» Susukan Poliziaren esku utzi zuen FMLNko buruzagia den Nur Misuarik.

Anduljihad "Idang" Susukan Davao irlara joan zen apirilean osasun arazoak tarteko eta FMLN-ren aurrean amore eman zuen.

Dozenaka erasoengatik eta bahitutako hainbat pertsonari burua mozteagatik Polizia atzetik zuen aspalditik.