Idoia ERASO

Ipar Euskal Herrian ere covid-19a hedatzen ari da, noiz eta ikasturtearen atarian

Covid-19arekin kutsatutako pertsonen kopurua gora egiten ari da Ipar Euskal Herrian ere. Pandemia guztian zehar aski babestua izan den lurraldean, Eskualdeko Osasun Agentziak hedapena azkartzen ari dela, eta zaintza berezia behar dela, baieztatu du. Berri hauek, heldu den astean ikasturtea hasiko delarik heldu dira. Honi aurre egiteko, uda eta turisten etorrerari loturik, aurreikusita zeuden neurriak garatzen eta egonkortzen ari dira.

Biarritzeko erdiguneko karriketan maskara derrigorrezkoa da. (GUILLAUME FAUVEAU)
Biarritzeko erdiguneko karriketan maskara derrigorrezkoa da. (GUILLAUME FAUVEAU)

Abuztu honetan, Hego Euskal Herrian zein Estatu frantziarrean ematen ari zen kasuen igoera larriaren aurrean orain arte bezala Ipar Euskal Herria babestuta zegoela bazirudien ere, datuak kontrako bidea hartzen hasi dira. Akitania Berria Eskualdeko Osasun Agentziak jakitera eman duenaren arabera, koronabirusaren hedapena azkartzen ari da Bidasoaren iparraldean ere. Eskualde guztian zehar dauden zaintza bereziko guneen artean kokatu du.

Joan den astean, abuztuaren 21era arte, 27,7 kasu zeuden 100.000 biztanleko. Aurrekoan 6,4koa zela jakinik, azkartzea agerikoa da. Ipar Euskal Herria barne hartzen duen Pirineo Atlantikoak departamentuan, 189 positibo egon dira, eta 7.661 test burutu dira; horrek egindakoen %2,5a suposatzen du. 2020ko urtarrilaren 21etik abuztuaren 21era bitarte, departamentuan 749 kasu detektatu dira.

Aurreko astean konfirmatu zen Baigorriko fokoan bederatzi kasu baieztatu dituzte osasun agentzian, nahiz eta hamargarren bat ere aipatzen den, Donibane Lohizunen beste bi foko daude orain, lau kasu komisaldegiari loturik eta bost Erromardiko kanpinari. Ziburuko kirol-portuko langile bat kutsatu eta horren ondorioz langileria guztia berrogeialdian dagoela jakinarazi du Sud Ouest egunkariak.

Tantaka heltzen dira informazioak, gehienetan prentsak zabalduta, erakunde ofizialek baino lehen, non fokoa kontrolatuta dagoela esateko helarazten den informazioa, anitzetan.

Informazioaren beharra, hurrengo astean hasiko den ikasturteari begirakoa ere bada. Astelehenean irakasleak, eta asteartean ikasleak hasiko dira lanean, eta oraingoz, bi neurri daude aurreikusita: 11 urtetik gorako ikasleek eta helduek maskara eramatea, eta gel desinfektatzailea denen eskura jartzea. Sindikatuek ikasturtearen hasiera atzeratu beharko litzatekeela adierazten duten bitartean, Jean-Michel Blanquer Hezkuntza ministroak ezetz dio, eta negoziaketetan ari dira.

Neurriak garatzen

Garai turistikoa bere momentu garaienean egon da abuztuaren lehen bi asteleetan Ipar Euskal Herrian, iazko turisten kopurua berdindu da. Kostaldean 200.000 eta 250.000 bisitari inguru izan dira kostaldean egunero, eta turismo masifikatutik urrundu nahian joan direnekin, barnealdean turisten kopuruak gora egin du.

Uda denboraldiaren hasieran aurrikusten zen bezala, horrek ekonomian bezala, pandemiaren hedakundean ere izan du eragina. Baina ez da hori solik izan, beste tokietan bezala, uda giroak eramanda bertako jendeak egiten dituen hitzordu sozialak ari baitira hedapena bizkortzen.

Musukoak, hasieran ez, orain irailaren 30a arte zenbait tokitan

Horri aurre egiteko aurreikusitako baliabideen egonkortzea eta luzatzea ematen ari da azken egunotan, hau da maskararen erabilpena derrigortzea, eta test masiboak egitea gune turistikoetan. Maskararen erabilpena Estatu mailan, segurtasun neurriak bete ezin diren tokietan kenduta gune publiko itxietan dago behartuta. Hau da, karriketan ez da zertan musukorik erabili behar.

Baina udako denboraldi turistiko betean, jendearen etorrera aurrikusita, Herriko Etxe batzuk erdiguneko zenbait tokitan eta merkatuetan beharrezko egiten hasi ziren, eta azkenean Prefekturak abuztuaren 4ean Lapurdi kostaldeko Biarritz, Angelu, Bidarte, Donibane Lohizune eta Baionako gune jakin batzuetan beharrezkoa egin zuen, abuztuaren 31ra arte. Orain, egoeraren larritasuna ikusirik, epea luzatu egin da, eta irailaren 30era arte eraman beharko da.

Aurreko astetik eremua ere handitu egin da, eta herri eta hiri horietan maskara eramatearen obligazioa gune berrietara hedatzeaz gain, herri gehiago gehitu dira zerrendara. Kostaldean Getaria izan da, baina bereziki aipagarria da, itsasotik urrunduta ere, bi herri daudela orain: Ezpeleta eta Donibane Garazi.

Test masiboak egiteko hitzorduak ere ugaritzen ari dira. Lehen asteetan data gutxi batzuk bazeuden, orain egunero aurki daitezke covid-19 atzemateko froga urririk egiten dituzten guneetako bat. Kasu honetan ere, barnealdera hedatzen ari da neurri hau. Horrela Kanbon asteazkenean egiten ahalko da, eta Hazparnen ostegunean, bi kasuetan aitzinetik hitzordua hartuz. Kostaldean, astelehenean Baionan, asteartetik ostiralera Angelun, asteazkenean Hendaian, eta abuztu guztian zehar bezala, ostegunean Bidarten.