NAIZ

Ez da positibo berririk egon Gipuzkoako adinekoen egoitzetan azken 24 orduetan

Azken 24 orduetan ez da kasu positiborik egon Gipuzkoako egoitzetan, baina azken astean bi eguneko zentrotako bi erabiltzailek positibo eman dute covid-19an eta 17 dira positibo emanda dauden adinekoen egoitzetako langileak, Eider Mendoza Foru Aldundiko bozeramailak azaldu duenez. Bi zentro horiek itxi dituztela eta beste bost egoitzetako erabiltzaileen irteerak eten direla adierazi du Mendozak.

Donostiako Hermano Garate-San Ignacio egoitza. (Residencia San Ignacio)
Donostiako Hermano Garate-San Ignacio egoitza. (Residencia San Ignacio)

Azken 24 orduetan ez da kasu positiborik izan Gipuzkoako adinekoen egoitzetako erabiltzaileen artean, Eider Mendoza Foru Aldundiako bozeramaileak jakitera eman duenez. Bestalde, adierazi du Donostiako Elizaran eguneko zentroko eta Oiartzungo Aiton Etxe eguneko zentroko erabiltzaile banak positibo eman dutela covid-19an, eta, beraz, zentroak itxi egin behar izan dituztela.

Langileen arteko kasuei dagokienez, adinekoen egoitzetako 17 langile daudela diagnostiko positiboarekin, duela astebete baino zazpi gehiago. Hori dela eta, erabiltzaileen irteerak aldi baterako eta prebentzioz eten dira Sanmarkosene, Hermano Garate-San Ignacio, Berminghan, Txara I, eta Zorroaga egoitzetan, bertan, eragindako sektoreko egoiliarrak isolatu egin dira.

Guztira sei dira –eta ez zazpi, atzo akats informatiko batengatik jakinarazi zen bezala– adinekoen egoitza-zentroetan covid-19an positibo emanda dauden egoiliarrak guztiak Donostiako Hermano Garate–San Ignacio zentrokoak dira.

Mendozak azpimarratu duenez, Txoke Planak eta Zaintza eta Alerta Sistemak ondo funtzionatzen dute, eta horien helburu nagusia birusaren irismena denbora errealean prebenitzea eta ezagutzea da, ahalik eta azkarren hartzeko beharrezkoak diren neurriak. «Birusari aurre egiteko tresnarik garrantzitsuenetako bat haren irismena ezagutzea da, eta, horregatik, prebentziozko PCR probak egiten jarraitzen dugu modu masiboan», azaldu du bozeramailak.

Mendozak gogorarazi duenez, abuztuaren 21era arte, Gipuzkoako Foru Aldundiak 7.810 PCR proba egin ditu. Bestalde, esan duenez, etengabeko alerta, prebentzio eta zaintza egoera aktibatzeak aukera ematen du pertsona ahulenen artean birusaren aurrerapena geldiarazteko eta «horren froga da 17 egoitzetako langileen artean kasu positiboak izan badira ere, zentro batean bakarrik eragin diela erabiltzaileei».

Covid-19k eragindako egoitza eta eguneko zentroen kasuan, positiboak detektatu ondoren, PCR probak egin zaizkie bai langileei bai erabiltzaileei, eta orain arte egindako PCR guztiak negatiboak izan dira. Hurrengo egunetan proba gehiago egiten jarraituko da, birusaren hedapena ezagutzeko eta, hala badagokio, eusteko.