Amaia EREÑAGA
BILBO

Belako: «Zuzenekorik gabe, musikaren sektorea ez doa aurrera»

«Normaltasun zaharrean» egongo bagina, aise beteko luke gaur Belakok Euskalduna jauregia. 2.164 eserlekuetatik 600 eserlekutara jaitsi diete edukiera, tamalez. Zuzenekoak bere horretara itzuli arte urrats bat denez, aurrera: «Musika hil ez dadin, horrelako gauzak egin behar ditugu», diote. Bihar, gainera, «Plastic Drama» diskoa aterako da.

Pandemiak irakaspen nabarmen bat utzi dio Mungiako taldeari: bakoitzak bere esku dituen baliabideekin eta imajinazioa astinduz, aurrera jo behar da. Nola edo ahala, zorigaiztoari alternatibak bilatuz, baina neurri batera arte, noski. Musika sektorea eta, oro har, kultura pairatzen ari diren geldiune behartu honi behingoz irtenbideak bilatu behar zaizkiola uste dute Belako taldeko kideek. «Inprobisatzea ondo dago, baina apurtxo bat; ea hau noiz bukatzen den!», esan du Lore Billelabeitia ahots eta baxu joleak.

Belakoren laugarren iraupen luzeko diskoa, “Plastic Drama” izenekoa, “labean” zegoenean, birusa gurera iritsi eta betiko normalitatea errotik moztu zuen. Jendarteko bizitza, kontzertuak, zuzeneko ekitaldiak, akabo. Patu horren kontra aritu dira borrokan Belako taldeko kideak azken hilabeteetan eta, hain justu, horren aurka arituko dira gaur ere Bilboko Euskalduna jauregian emango duten kontzertuan. 21.00etan hasiko da, eta oraindik badira sarrerak.

Itxialdiaren ostean areto handi batean –nahiz eta edukiera murriztuta izan– eskainiko duten lehen kontzertua izango da Bilbokoa. Arraroa izango da, hori bai, ikusleak musukoa jarrita eta «formal-formal» izango dituztelako. Eta Belakoren estiloa –post-punk bezala definitu izan dute– ez da besaulkian geldirik uzten zaituen horietakoa.

“Plastic Drama” diskoa aurkezteko biraren barnean kokatzen da emanaldia, konfinamenduaren ostean auto zinematan egin zuten bira txiki eta berritzailearen jarraipena. «Zuzenekoen ‘tximinoa’ kentzea genuen helburu» adierazi du Josu Billelabeitiak (ahotsa eta gitarra, eta Loreren neba). Oraingoan, hainbat hilabetez desiratutako diskoa esku artean izango dute, bihar bertan egongo baita salgai dendetan. Orain arte, lan gehien eman dien lana da “Plastic Drama” –buruko minak bai, bederen–, garai nahasietan jaio baitzaie alaba.

Atzo goizean Bilbon prentsaren aurrean egin zuten agerraldiarekin batera, diskoaren beste kanta baten aurrerapena zabaldu zuen taldeak sareetan. Itxialdian hasitako “estrategiari” jarraituz, sareak erabili dituzte zaletuengandik gertu egoteko.

«Plastic dramatxo» asko

Une honetan, eszena independentean, bai gure herrian bai atzerrian, ospe gehien duen euskal musika taldea da Belako. 2012an, “Gaztea” maketa lehiaketa irabazi zutenetik, denbora, bizipen eta kilometro asko pasa dira. Atzerrian eta gurean izena izateak sortzen duen “presio” horrek ez omen du eraginik beraiengan, ez zaie astuna egiten ospea, antza.

Bere kasa dabilen taldea dela dirudi, eta hori berresten dute. Irizpide komertzialak ez omen datoz bat beraiekin. Adibidez, atzo bertan zabaldutako “Sirène” izeneko kantaren bideoklipa frantsesez grabatu dute, “Plastic Drama” Estatu frantsesean salduko ez den arren. Bai, ordea, AEBetan, Ingalaterran, Alemanian, Mexikon, Estatu espainiarrean eta, noski, Euskal Herrian.

Taldearen laugarren iraupen luzeko diskoak sustraiei heltzen die, kanta labur, zorrotz, mikatz eta zuzenekin. Anbizio handiko diskoa da, gogoeta eragiten duena eta aldarrikatzailea. Gure “lehen munduko” gizartearen autokritika latza dago jasota kantuetan. Cris Lizarraga kantariaren esanetan: «Pandemia honek agerian jarri du zera: lehen ezkutuan zeuden arazoak handitu egin dira eta prekaritatearen menpe zeuden pertsonek orain latzago pairatuko dute prekaritate hori. Desparekotasunak polarizatu egin dira gure gizartean. Letrek lehen zentzu bat bazuten, orain are gehiago dute».

Baina zer da “Plastic Drama”? Argizariz egindako maskara baten atzean –orain guztiok erabiltzen ditugun musukoen iragarle, akaso?– emakumezko gazte baten aurpegia ageri da diskoaren azalean.

«Pribilegioz betetako mundu honetan guk geuk sortzen ditugun ‘dramak’ aipatu nahi izan genituen tituluarekin –argitzen du Lorek–. Ez dira benetako dramak, beste batzuk bizi dituzten egoerekin alderatzen baditugu. Pandemia iritsi zenean egunero Plastic Drama izugarriak ikusten genituen gure inguruan: ‘Ezin naiz kalera atera pote bat hartzera!’ eta antzeko esaldiak entzuten genituen. Jendea kexati etengabe, beste pertsona batzuek egiazko dramak bizi zituzten artean. Eta gero, bat-batean, gurea benetako drama bihurtu da, lanik gabe gelditu garelako, esaterako. Halere, gu pribilegiatu batzuk gara».

Motza, zuzena, mikatza

Belakok orain arte egin duen lan kritiko eta aldarrikatzaileenatako bat da hau, kideen ustez. Belako Rekords-ek, BMG Internationalen lizentziarekin, autoekoitzi duen proiektua da. “Plastic Drama” lana gauzen benetako esanahiaren bilaketaz mintzatzen da, dena muntaketa kateetara, fabrikaziora eta izakien ustiapenera mugatzen den mundu honetan.

Berako estudioan grabatu dute diskoa, digitalizazioaren aurreko garaietan bezala. Hau da, zintan, euskarri digitalak ematen dituen erraztasun eta amarrurik gabe. Josuk badu horren argibidea: «24 pistako magnetofonoan grabatu dugu. Nahiko berezia da lan egiteko modu hori. Batzuk erromantikotzat jotzen gaituzte, baina guk abantaila asko ikusi ditugu, ez delako ordenagailu batekin lan egitea bezala. Izan ere, ordenagailuan zuzendu ahal dira gauzak, ebaki, txertatu, akatsak ezkutatu errazago... Gurean diskoaren grabaketa prozesuak berak hartu du garrantzia, aurretik prestatu behar delako ekoizpena. Prozesua oso polita da, erakargarria eta asko ikasten da. Erabakiak ere azkarrago hartzen dira, hartualdi bat egiten baduzu edo kili-kolo ateratzen bada, hurrengoan pentsatu behar duzu, ea nola konponduko duzun. Guk ‘Kontrol Z’ tresna daramagu gure DNAn, baina hemen ez dago ‘Kontrol Z’ botoirik! Kantak ere sinpleagoak dira, ia irrati estilokoak, single-ak balira bezala. Musika ere xinpleagoa da eta ekoizpena gordinagoa, xumeagoa. Musikariok probatzea dugu gustuko, baina disko honetan oreka bilatu dugula uste dut».

Kontzertuen beharra

Ibilbide luzea eta mugitua izan du, orain arte bederen, “Plastic Drama” diskoak. Esan bezala, bira bat egin dute auto zinematan, akustikoak streaming bidez, NAIZekin batera zuzeneko eta online kontzertu arrakastatsua, eta, orain, areto handira egingo dute jauzi. Badirudi gauzak mugitzen ari direla.

«Konfinamendua arintzean egin ditugu auto zinematan kontzertu batzuk eta oso ona izan zen kanta berriak aurkezteko, zuzenekoen falta horren gosea kentzeko, baina horren ondoren ez dugu eduki ezer. Eta kontzertu hau, nahiz eta behar bezalakoa ez izan, ba lekua zoragarria da. Dena den, guretzat oso arraroa da jendea ezarrita ikustea. Gure musikarekin jendeak gustuko du dantzatzea, eta hori hemen ezinezkoa izango da. Baina, behintzat, zuzeneko musika ez dadin hil, horrelakoak egin beharko ditugu egoera bukatu arte», Loreren gogoeta.

Ezin bada dantzatu, ez jauzi egin... «Beste era batera dantzatzen ikasi beharko dugu», dio barre artean.

Egoeraren aurrean, zer?

Eta pandemiak zer irakatsi dio Belakori? Nondik nora joko du musikaren etorkizunak kontuan izanik, txertoa aurkitu arte, bilkura jendetsuak debekatuta egongo direla?

Josuk argi du: «Inkognita erraldoia da. Ez dagoenean epe bat, ez dakizu nola jokatu, zein estrategiari jarraitu. Guk geu gauza desberdinak egiten ibili gara, akustikoak etxean, kantak aurreratzen irailean guztia normalizatuko zelako esperantzarekin, eta abar. Oraintxe bertan nik neuk sinatuko nuke dena otsailean has dadin. Guk pandemiatik ikasi duguna da edozein momentutan horrelako zerbait gertatu daitekeela eta guztia bertan behera gelditu, eta orduan alternatiba berriak sortu behar direla. Baina, dena dela, nik uste dut irtenbide bakarra guztiok berriz funtzionatzen hastea dela, antzinako normaltasunera bueltatzea, zeren, bestela, zenbakiek ez dute ematen. Hau epe murritz bateko kontua da eta bien bitartean horrelako gauzak egin daitezke (musukoa eta edukiera murriztuak, eta abar), baina egoera honek izan beharko luke anekdotikoa».

Latzak pairatzen ari da musikaren sektorea. Horren adibide, ikuskizunetako teknikariek joan den larunbatean Bilbon bertan egin zuten manifestazioa. Alarma egoeran dago, oro har, musikaren sektorea. Lorek, argi eta garbi: «Azken finean musikariak ez gara bizi diskoen salmentaz, zuzenekoez eta kontzertuez baizik. Guztiok hor gaude, arazo horretan. Teknikariak ere, berdin. Orduan, kontzerturik ez badago, ez batzuk ez besteak, ezta erdikoak, inor ez. Zuzenekorik gabe, hau ez doa aurrera».