NAIZ

Israel eta Arabiar Emirerri Batuen arteko zuzeneko hegaldia, euren hurbilketaren ikur

Israel eta Arabiar Emirerri Batuen arteko «zuzeneko lehen hegaldi komertziala» Tel Avivetik atera eta Abu Dhabiko aireportuan lurreratu da astelehen honetan, bi herrialdeek harreman diplomatikoak normalizatuko zituztela iragarri eta ia hiru astera.

Israelgo eta AEBetako ordezkaritzak, Tel Aviv eta Abu Dhabi arteko hegaldian. (Nir ELIAS/POOL/AFP)
Israelgo eta AEBetako ordezkaritzak, Tel Aviv eta Abu Dhabi arteko hegaldian. (Nir ELIAS/POOL/AFP)

El Al konpainia israeldarraren Boing 737-900 hegazkinak arratsaldeko 15.39an (bi ordu gutxiago Euskal Herrian) lur hartu du Abu Dhabin.

Arabieraz, hebreeraz eta ingelesez «bakea» hitza zeraman hegazkinean, Israelgo eta AEBetako Gobernuaren ordezkaritza bana zihoazen, tartean Jared Kushner, Donald Trump presidentearen suhi eta aholkularia.

«Hegaldi hau askoren artean lehena izatea espero dugu», esan du Kushnerrek kazetarien aurrean, lurreratu eta berehala.

Bestalde, Meir Ben-Shabbat Israelgo legazioko buruak esan du «harro» dagoela bere herrialdeko ordezkari izateaz. Bidaiaren helburua, azaldu duenez, hurbilketa politiko eta ekonomikoan aurrera egitea da, «turismotik osasun arlora», besteak beste, ‘The Jerusalem Post’ egunkariaren arabera.

Abuztuaren 13an iragarri zuten Israelek eta Arabiar Emirerri Batuek harreman diplomatikoak hasteko akordioa, AEBek bitartekari lanak egin ondoren. Benjamin Nentanyahuren Gobernuak Zisjordania okupatuko zenbait eremuren balizko anexioa geldiarazteko konpromisoa ere jasotzen zuen testuak.

Honela, herrialde hau, Israelekin harremanak ezartzen dituen Golkoko eskualdeko lehena bihurtu zen, baita mundu arabiarreko hirugarrena ere, Egiptok 1979an eta Jordaniak 1994an sinatutako akordioen ondoren.

Palestinarrek gogor kritikatu dute akordioa, bizkarrean egindako labankada bat bezala ikusten baitute eta, gainera, beste iturri batzuen arabera, itunak armen salmenta ere barne hartuko luke.