Ikastolen Elkarteak 2020-2021 ikasturtean ikastolen helburu nagusia «gure ikasleei ahalik eta heziketa onena ematea» dela adierazi du, eta gaur egungo egoeran, «gure alor pedagogikoan sakontzeaz gainera, ikasle, irakasle eta langile guztien osasuna bermatzea dugu xede».
Horretarako, administrazioek ezarri dituzten protokoloei ikastolenak erantsi dizkiete, covid-19 birusaren kutsatzeak ekiditeko, eta gertatuko balitz, hedapena geldiarazteko. Hori guztiori aurrera eramateko, ikastetxe guztiek «baliabide gehigarriak» behar dituztela nabarmendu du Ikastolen Elkarteak.
«Frantziako Gobernuak ez ditu aurreikusi. Nafarroako Gobernuak ezarri ditu baliabide batzuk. Eusko Jaurlaritzak baliabide sorta bat iragarri zuen iragan ostiralean sare publikoarentzat, baina itunpeko sarearentzako deialdi bereziak irekiko dituztela esatera mugatu zen», azpimarratu du elkarteak ohar batean.
Gainera, ostiraleko iragarpenaren ondotik, atzo Lakuako Hezkuntza Sailak hezkuntza eragile desberdinez gain beraiekin ere egindako bilerak «dezepzioa» eragin ziela aitortu du Ikastolen Elkarteak, «bileraren aurretik genituen zalantzak areagotu egin zirelako bileraren ostean».
«Alegia, esan ziguten –baina ez zuten konpromisorik hartu– baliabideak izango ditugula egoera berezi honetan ikasturteari ekiteko, baina ez ziguten argitu ez zenbat, ez noiz, ezta zertarako edo zein irizpideren arabera jasoko ditugun baliabide horiek», azaldu du.
Elkartearen ustez, honetatik atera daitekeen ondorioa «bilera denbora irabazteko Jaurlaritzaren trikimailu bat izan dela eta ezer ez jasotzeko arriskua dugula» da.
«Egoera honek kezka eragin digu ikastoloi, astelehen honetan ikasle guztiak ikasgeletan hartzen hasiko garen unerako ez dakigulako Administrazioak egoerak eskatzen dituen baliabide gehigarriak emango dituen ala ez», azpimarratu du, Lakuaren proposamen ezak «kezka larria» sortzen duela eta min egiten duela gaineratuz.
Ildo horretan, birusaren krisiari erantzuteko hartu beharreko neurriek «hezkuntza sistema osoko ikastetxe guztioi» berdin eragiten dietela adierazi dute.
Besteak beste, Ikastolen Elkarteak ikasleen arteko distantzia mantentzeko ezintasuna eta gela bikoizketa, irakasle gehikuntza, covid-19 arduraduna figura, kutsatzeak eta egoerak eragingo dituen bajen ondorioz langileen ordezkapenak, baliabide teknologikoak, garbitasun eta higiene neurrien areagotzea, eta jangela eta garraio zerbitzuetan hartu beharreko neurri desberdinak aipatu dituzte.
Baita euskararen errefortzuan hartu beharreko neurria, ikastolek argi baitute alor honetan «indarrak bikoiztu egin behar direla, egoera berezi honek lehendik ere antzeman genuen jaitsiera areagotu egin duelako euskararen erabileran eta kalitatean».
Horregatik Lakuari hezkuntza sistema osoarekiko dituen erantzukizunak bereganatzeko eta betetzeko eskatu diote, hezkuntzak duen garrantzia kontuan izanda. «Ikastolok konpromisoz, ilusioz eta arduraz ekingo diogu aurtengo ikasturteari, eta ahalegin guztiak biderkatuko ditugu gure hezkuntza komunitatearen hezkuntza, osasun eta lan eskubideak bermatzeko».