Goizean ikastetxera iristen diren unetik arratsaldean etxerako bidea hartzen duten arte, musukoa jarrita izan beharko dute hamaika urtetik gorako ikasleek, baita ikasgela barruan ere. Ikastetxera joateko ere musukoa derrigorrezkoa izango da partekatutako ibilgailuetan eta autobusean. Eskola inguruetan ere derrigorrezkoa izango da maskara 50 metroko erradio batean, gutxienez irailaren 30era arte behintzat. Horrez gain, haurrak eskolara bidali aitzin tenperatura hartzeko agindua luzatu diete gurasoei, eta egunean zehar eskuak maiz garbitu beharko dituzte ikasleek.
Gauzak honela, baldintza zorrotzak izango direla dirudi, baina ikasturtea amaitzeko ezarri zuten protokoloarekin alderatuta, neurri berriak arinagoak direla nabarmendu dute Bernat Etxepare Lizeoko irakasleek. Horren adierazle argia da protokolo berria aurkezten duen txostenak sei orri baino ez dituela eta, aldiz, udaberrikoak, 30. «Haurrak eskolara joan ahal izateko protokoloa arindu dute», azaldu du Iban Thikoipek, Baionako Bernat Etxepare Lizeoko zuzendariak.
Lehentasuna segurtasuna
Ikasturte berriko lehen eskola eguna baliatu du Jean-René Etchegarayk, Baionako auzapezak, hezkuntza arloan lan egiten duten eragileekin elkar lanean ari direla nabarmentzeko. Baionako Prisse ikastetxeko ikasgela batean egin duen agerraldian «egoera bereziari aurre egiteko» bitartekoak ezartzeko lanean ari direla azpimarratu du.
Lehentasun nagusia ikasleen, irakasleen eta ikastetxeetako langileen segurtasuna bermatzea dela ziurtatu du Etchegarayk eta ikastetxe batean izan daitezkeen covid-19 kasuen aurrean erantzuteko ere prestatu direla iragarri du.
Christine-Dolhagaray hautetsiak zera gaineratu du: «Hezkuntza Nazionalarekin lan egin dugu gertatuko dena kudeatu ahal izateko, hau da, gure nahia da familiengan estres egoerak eta zailtasunak ez areagotzea, eta horrela, isolatze prozesu bat plantan ezarri behar bada haurrak zaintzeko egitura denentzat izango dela bermatzen dugu».
Baionako hautetsiek jakinarazi dutenez, aurten 4.388 ikaslek eman dute izena lehen mailan Lapurdiko hiriburuan. Horietatik 2.588 ikasle eskola publikoan dira eta beste 1.790 ikasle eskola pribatuan. Iazko datuekin alderatuta 109 ikasle gutxiago izango dira ikasturte berrian.