NAIZ
DONOSTIA

Fito Rodriguez eta Miren Agur Meaberen azken lanak ekarriko ditu ‘Poesia Orduak’ ekimenak

Urtero legez, Victoria Eugenia Club aretoak ‘Poesia Orduak’ ekimena jasoko du sasoi bikoitzean. Hilaren 7an Fito Rodriguezen ‘Hain zara eder’ lan argitaratu berria errezitatuko da eta hilaren 9an Miren Agur Meaberen azken poesia liburua: ‘Nola gorde errautsa kolkoan eztulik egin gabe’. Sarrera doakoa da, gonbidapen bidez.

Miren Agur Meabe idazleak bere azken poesiak igoko ditu oholtzara. (Gari GARAIALDE I FOKU)
Miren Agur Meabe idazleak bere azken poesiak igoko ditu oholtzara. (Gari GARAIALDE I FOKU)

Azken urteetako ohiturari eutsiz, Donostia Kulturak eta Euskal Idazleen Elkarteak ‘Poesia Orduak’ errezitaldiak antolatu dituzte aurten ere eta, orain arte bezala, irailaren hasieran izango dira. Bi dira Victoria Eugenia Club-ak hartuko dituen hitzorduak: ‘Hain zara eder‘, hilaren 7an; eta ‘Nola gorde errautsa kolkoan eztulik egin gabe’, hilaren 9an.

Fito Rodriguez (Gasteiz, 1955) idazleak errezitaldi musikatua eskainiko du, berriki Booktegi.eus atarian argitaratu duen ‘Hain zara eder’ liburuan oinarritua dago, non Joe Cocker musikariaren berrinterpretazioa egin duen.

Errezitatzaile taldea Andoni Tolosa ‘Morau’, Dorleta Urretabizkaia, Asier Hernandez eta Fito Rodriguezek osatuko dute, eta musikariak Xalba Ramirez, Unai Pelaio ‘Pelax’, Eneko Sierra eta Beñat Antxustegi izango dira.

Bestalde, Miren Agur Meabe (Lekeitio, 1962) egileak ikusentzunezko errezitaldi bat eramango du ‘Poesia Orduak’ saiora. ‘Nola gorde errautsa kolkoan eztulik egin gabe’ argitaratu berri duen poesia liburuan oinarritua, Iban Urizar ‘Amorante’ musikaria eta Aitor Gametxo zinemagileak ere parte hartuko dute Eneritz Artetxeren zuzendaritzapean.

Bi emanaldietarako sarrerak doakoak izango dira eserlekuak bete arte eta Victoria Eugenia Antzokiko leihatilean bertan jaso ahal izango dira emanaldi bakoitzaren egun berean 17.00etatik aurrera. Gehienez 70 pertsonentzat lekua dago eta segurtasun eta babes neurri guztiak hartuko dira.