Asteazken goiz honetan jakin denez, arnasketa arazoak azaltzen zituen 40 urteko gizonezkoa izan da covid-19 gaitzean positibo eman duen lehenengo kasua Lesboseko uhartean dagoen Moriako errefuxiatuen esparruan. Abuztuaren 17an, Atenastik Lesboseko uhartera itzuli zen pertsonak, bart gauean, covid-19a zuela baieztatu dute, kanpalekuan zenbait egunetan bizitzen egon ostean.
Bertan otorduak banatzen lan egiten duen Zaporeak elkarteak ohar baten bitartez azaldu duenez egoera «kritikoa» da, izan ere, egun 13.000 lagunetik gora bizi dira pilatuta bertan eta «espazioak ez ditu beharrezkoak diren bitartekoak birusaren zabalkundea saihesteko».
Bertako biztanlegoan birusak izan dezakeen balizko zabalkundearen aurrean, «urduritasun eta ardura handiko momentuak» bizitzen ari direla azaldu du Zaporeak-ek eta Moriak mota honetako osasun larrialdi bati aurre egiteko «ez dagoela prest» adierazi du.
«Esparruaren egoera dela medio, eszenatoki ezin okerragoan daude pandemia egoera bati aurre egin ahal izateko: muturreko pilaketa egoera, ur korronte falta, zabor pilaketa, osasun zerbitzuetara eskuragarritasun falta… Nola egin diezaiekete aurre eta prebentzio neurriak hartu Morian bizi diren ia 13.000 pertsona errefuxiatuk, 3.000 lagunentzako diseinatutako esparru batean? Pertsonen arteko distantzia mantentzea ezinezkoa da gauero zure kanpin denda beste 10 pertsonekin partekatu behar baduzu, edota komunak beste 130 lagunekin», dio elkarteak.
Greziako Gobernuaren neurriak
Gainera, horrelako eremu bat hustu beharrean eta bertako pertsona errefuxiatuak lekualdatu ordez, Greziako gobernuak hartutako neurriek bizi den egoera «azeleratu besterik ez dutela egingo» dio Zaporeak-ek. Izan ere, Zaporeak-eko koordinatzaileak NAIZen publikatutako elkarrizketa batean azaldu zuen bezala, martxoaren 23tik hona pertsonen mugikortasuna mugatuta dago Morian, Greziako gainontzeko lekuetan mugikortasun mugak pixkanaka altxatzen ziren bitartean eta alde batetik bestera mugitzeko eragozpenik ez dutelarik.
Elkarteak adierazi duenez, Immigrazio eta Asilo Ministerioak 14 eguneko berrogeialdi «hertsi eta muturrekoagoa» iragarri du; «izan ere, polizia gehiago egongo da eremu horretan, eta Gobernuz Kanpoko Erakundeetako (GKE) egoiliar eta langileei sarrera murriztuko diete».
Bestetik, Mugarik Gabeko Medikuek koronabirus kasuei aurre egiteko zuten klinika ustezko irregulartasunengatik eta 35.000 euroko isuna jaso ondoren itxi zutela gogoratu du Zaporek-ek. «Esparruan lan egiten duten GKE-en lana oztopatzeko traba administratibo berri bat izan zen hori, Moriako egoiliarren baldintzak okertu besterik egin ez duena», dio elkarteak.