NAIZ

Azucena Vieites hernaniarrak bere obraren berrirakurketa eramango du Berlingo Bienalera

Berlingo Bienalaren 11. edizioak irailaren 5ean zabalduko du erakusketa-aldia eta, lehen aldiz, euskal artista bat izango da hitzordu horretan: Azucena Vieites hernaniarrak bere aurreko proiektuen berrirakurketa aurkeztuko du.

Azucena Vieites artista hernaniarra. (NAIZ)
Azucena Vieites artista hernaniarra. (NAIZ)

Pandemiaren ondorioz atzeratu ostean, larunbat honetan irekiko ditu ateak Berlingo Bienalaren 11. edizioak eta, azaroaren 1era bitartean, 50etik gora artistaz osatutako egitaraua eskainiko du. Horien artean, lehenengo aldiz, euskal artista baten partehartzea izango da: Azucena Vieites hernaniarrak bere obraren berrirakurketa eskainiko du.

Zehazki, Etxepare euskal institututik azaldu dutenez, Vieitesen aurreko hiru proiekturen remake prozesu batetik abiatutako instalazioa aurkeztuko du: ‘Coloring Book’, ‘Fundido Encadenado’ eta ‘Break Out of your Shell’. Lehenak haurrek duten espresatzeko eta munduari begiratzeko moduarekiko interesari egiten dio erreferentzia; bigarrenak irudikapenaren gaiari heltzen dio, egunerokotasunaren alderdi ludikotik eta fantasiatik; eta azkenak, aldiz, estetika azpikultural bati lotutako lengoaian eta fanzine feministek praktika artistikoaren eta edizioaren artean lantzen dituzten do it yourself ekoizpen moduetan sakontzen du.

Berlinen, bere obra KW Arte Garaikidearen Institutuko beira-arasetan egongo da ikusgai eta serigrafia, inprimaketa digitala eta collage formako emaitzek artistaren lanarekiko begirada berritzailea erakutsiko dute, Etxepare euskal institututik zehaztu dutenez.

Aktibismoan oinarritutako ibilbidea

Vieitesek (Hernani, 1967) 90eko hamarkadan abiatu zuen bere ibilbidea eta, ordutik, erakusketa kolektibo ugaritan ere hartu du parte. Barkarkako hainbat erakusketa ere osatu ditu, besteren artean ‘Hey Baby!’ (Casal Solleric, Palma, 2018), ‘Woollen Body’ (Carreras Múgica galeria, Bilbo, 2015) edota ‘Tableau Vivant’ (Reina Sofía Museoa, Madril, 2013).

1994an Erreakzioa kolektiboa sortu zuen Estibaliz Sadaba eta Yolanda de los Bueis artistekin batera, praktika artistikoaren eta pentsamendu feministaren arteko proposamenak garatzeko asmoz. Kolektiboaren proiektuen artean, hamar fanzineren edizioa (1995-2000) edota ‘Solo para tus ojos. El factor feminista en relación a las artes visuales’ (Arteleku, 1997) bezalako mintegien zuzendaritza nabarmentzen dira.

Marrazkiaren, collagearen eta apropiazioaren etengabeko birlanketa bisuala erabiliz, Vieitesen lanak narrazio eta ezagutza-produkzio ez-linealen adierazpen-ahalmena aztertzen du. Horien bidez, hainbat gairi buruzko gogoeta kritikoa egiten du, hala nola sorkuntza estetikoa beti testuinguru sozial eta ekonomiko jakin bati lotutako prozesu gisa hartzea, edo egungo kultur irudikapen askotan irauten duen logika bitarra apurtzen lagunduko duten diskurtso-estrategiak sortzeko beharra. Bere praktika artistikoan, aktibismo feministarekin eta queer-arekin lotura estua izan du beti.

2004an Gure Artea saria eman zion Lakuako Gobernuak, Ibon Aranberri eta Iñaki Garmendia artistekin batera. 2019an egin zuen bere doktorego tesiaren irakurketa: ‘Prácticas artísticas low-fi. Una aproximación al contexto vasco’ (1985-2005). Egun irakasle elkartua da Madrilgo Complutense Unibertsitateko eta Salamancako Unibertsitateko Arte Ederren fakultateetan.