NAIZ

«Artearen sozializazioa» sustatuko du Arteria sormen lantegiak

Arteriak Goierriko sortzaileak, gizarte eta kultur eragileak, herritarrak eta erakundeak batuko ditu, artea eta giza eskubideak uztartuz gizarte eraldaketa sustatzeko ahaleginean. Azaldu dutenez, artearen sozializazioa dute helburu, «sortzailea eta bere lana balioan jartzea, eskualdeko herritarren balioetan eraginez».

Mari Jose Telleria Gipuzkoako Diputazioko kultura zuzendariak eta Dar Dar produkzioko kide Asier eta Iker Zinkunegik aurkeztu dute proiektua. (NAIZ)
Mari Jose Telleria Gipuzkoako Diputazioko kultura zuzendariak eta Dar Dar produkzioko kide Asier eta Iker Zinkunegik aurkeztu dute proiektua. (NAIZ)

Goierrin artearen inguruan sortu den bilgunea da Arteria Fabrika, «ezagutza eta transmisio gune bat eta artearen bilaketa gauzatzeko plataforma eta sorgune bat». Proiektua astearte honetan aurkeztu dute Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean Mari Jose Telleria Gipuzkoako Diputazioko kultura zuzendariak eta proiekturen sustatzaile den Dar Dar produkzioko kide diren Asier eta Iker Zinkunegik.

Azaldu dutenez, «arte galeriak, antzokiak, zinemak, museoak… kasu gehienetan sortzailearen lana era pasiboan kontsumitzeko guneak dira» eta, euren hitzetan, espazio horietan ikusleek obrarekin egiten dute topo, baina, «gehienetan, sortzaileaz ez dute ezer jakiten. Gainera, eredu honek gizarteari izugarrizko balioa duen sormen prozesua ezkutatzen dio. Arteriarekin harremanak, rolak, jarrerak… aldatu nahi ditugu», nabarmendu dute.

Zehazki, Arteriak Goierriko sortzaileak, gizarte eta kultur eragileak, herritarrak eta erakundeak biltzen ditu, eta artea eta giza eskubideak uztartuz gizarte eraldaketa sustatzea izango dute helburu. Hala, artearen sozializazioa bultzatzea izango dute jomuga, «sortzailea eta bere lana balioan jarriz, eskualdeko herritarren balioetan eraginez». Horretarako, proiektuaren «bihotzean» kultur kudeaketa parte hartzailea izango dela ziurtatu dute.

Bilatzailea eta diru-laguntzak

Arteria proiektuaren garapena hiru fasetan dago diseinatuta. Lehen fasea 2017 eta 2020. urteen artean garatu da eta denbora horretan 911 eragilez osaturiko data basea eratu da. Datu horiekin bilatzaile bat sortu dute, «klik batean eskualdeko baliabide sozio-kulturalak edonoren eskura» jartzen dituena.

Bigarren zutabea plataforma da. Goierriko sortzaileen giza eskubideen alorreko lanen sozializaziorako bi diru-laguntza sortu dituzte eta online galeria bat ere osatu dute, sortzaileen lanak eskuratu ahal izateko.

Azkenik, Arteria sorgunea ere badela azpimarratu nahi izan dute. Bide horretatik, hirugarren fasean sorkuntza baterako diru-laguntza emango dutela iragarri dute: gizarte eta kultur eragileen hibridazioa sustatuz eta bilatzailea erabiliz giza eskubideen inguruko sorkuntza bat egiteko izango da laguntza, eta oinarriak jada zintzilik daude Arteria-ren web-orrialdean.