NAIZ

Kultura Eskola Bonua jarri da abian Gipuzkoako gazteentzat arte eszenikoetarako eta museoetarako

Guztira 33.000 bonu banatuko ditu Gipuzkoao Diputazioak 16 eta 17 urte bitarteko ikasleentzat, hau da, Batxilergoko eta Erdi Mailako ikasleentzat, kultur ikuskizunetarako eta museoetarako sarbidea errazteko. Gipuzkoako 30 herritako 109 ikastetxetan banatuko dira.

Balenciaga Museoa.(NAIZ)
Balenciaga Museoa.(NAIZ)

Harkaitz Millan Kultura diputatuak, Piztu Kultura ekimenaren esparruan, Kultura Eskola Bonua aurkeztu du asteazken honetan, sektorea suspertu eta Gipuzkoako gazteen artean kulturarekiko interesa sortu asmoz. Covid-19ak sortutako osasun krisiaren ondoren, kultur sektorea eta kultur eragileak beren jarduera berreskuratzen hasi diren une hauetan hainbat jarduera ildo garatu nahi ditu Diputazioak «hainbat sektoreri laguntza esplizitua emanez».

Diputatu sozialistak azpimarratu duenez, «kulturak leku garrantzitsua du gipuzkoarren bizitzan. Nabarmena da gipuzkoarrak era askotako adierazpen artistiko eta kulturalekiko erakusten duten atxikimendua, bai erakusketari dagokionez, bai sorkuntzari dagokionez, baina betiere, kultura ekintzaz gozatzeari dagokionez».   

Kultura Departamentuak garatutako ildo horren barruan, kultura sortu, ekoitzi eta zabaltzen duten erakunde eta eragileei laguntza eskaini nahi die. Kultur ekoizpenak eta ekintzak herritarrengana hurbiltzeko egokitzat jo da laguntza lerro berri bat abiaraztea, Kultura Eskola Bonua izenekoa. Bere helburua 16 eta 17 urte bitarteko Gipuzkoako gazteei, hau da, batxilergoko eta erdi mailako lanbide heziketako ikasleei, kultura ondasun eta produktuetarako sarbidea erraztea da, horrela, arte eta kultura hedapena dinamizatuz, eta, zehazki, arte eszenikoetako ikuskizunetara eta museoetara joatea sustatuz.   

Aste honetan, Kultura departamentuak 33.000 deskontu-bonu bidaliko dizkie Gipuzkoako 30 herritako 109 ikastetxeri. 16.500 bonu museoetan trukatzeko izango dira eta beste 16.500 arte eszenikoetan trukatzeko. Horrela, gazte bakoitzak 6 euro arteko deskontua izango du ikuskizunetarako sarrerak erostean, eta 4 euro arte museoetarako sarrerak erostean. Bonuak trukatzeko epea urriaren 15etik urte bukaera artekoa izango da.

Pizgarriak edo hobariak eskainiko dira antzoki eta auditorioetara joateko, bai eta Kultura Eskola Bonura atxikitzen diren museoetara ere, eta horrela, aipatutako adin talde horretako gazteek erraztasun gehiago izango dute kultura eta ezagutza eskuratzeko. Bide batez, Covid-19aren ondoren, «programazio kultural berriari bultzada» emango zaiola nabarmendu du.  

Millanek azpimarratu duenez, COVID-19aren ondoren aurrera egin nahi badugu, kultur sektorea aintzat hartu eta biziberritu egin behar da: «kultura bazterrean uzten badugu ez da benetako susperraldirik egongo. Kultura funtsezko ondasuna da, eta horren mende dago, neurri handi batean, gizarte gisa aurrera egitea. Kultura indartzeak kultur profesionalei arreta eskaintzea eskatzen du, eta kontuan izatea Gipuzkoari aberastasuna eta enplegua ekartzen dizkion sektorea ere badirela».