Ibai AZPARREN

Nafarroako hezkuntza sindikatu eta eragileek mobilizazioak iragarri dituzte itzulera adostua eskatzeko

Hezkuntza Komunitate Foroak elkarretaratzea egin du asteazken honetan Nafarroako Parlamentuaren aurrean, azken asteetan bezala ikasturte osorako itzulera adostua, osasungarria eta aurrez aurrekoa aldarrikatzeko. Iraileko mobiliazioen egutegia aurkeztu dute sindikatu eta eragileek eta ez dute greba baztertzen.

Hezkuntza Komunitatearen Foroaren elkarretaratzea Nafarroako Parlamentuaren aurrean. (Idoia ZABALETA/FOKU)
Hezkuntza Komunitatearen Foroaren elkarretaratzea Nafarroako Parlamentuaren aurrean. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Nafarroako Parlamentua izan da asteazken honetan Hezkuntza Komunitate Foroa osatzen duten sindikatu, ikasle erakunde eta guraso elkarteek aukeratu duten agertokia euren aldarrikapenak plazaratzeko.

Atzo Nafarroako Osasun publikoaren eta Lan Osasunaren Instituaren aurrean salatu zuten bezala, aldarrikapen horiei «jaramonik egin gabe» jarraitzen du nafar Gobernuak. Horregatik, irailean egingo dituzten ekintzen egutegia aurkeztu dute.

Irailaren 10ean, aldarrikapenen kartelekin argazkiak aterako dituzte eta sozializatuko dute. Talde argazkiak izango dira eta Facebook, Intagram eta Twitterren partekatuko dituzte.

Irailaren 14tik 25era, Nafarroako Legebiltzarreko alderdi desberdinekin bilerak mantenduko dituzte, eta, irailaren 15ean, «elkarretaratze jendetsua» egingo dute Iruñeko Gaztelu Plazan, irailaren 10eko argazkiekin.

Irailaren 29an, aldiz, prozesuan zehar jasotako sinaduren aurkezpen publikoa burutuko dute. Batzarrak ikastetxetan eta guraso elkarteekin ere mantenduko dituzte hilabete osoan zehar, baita Driven hezkuntza komunitatearen kexak jaso.

Gainera, sindikatu eta eragileek greba egun baten aukera mahai gainean jarri dute, Hezkuntza Departamentuak eskaerei erantzuten ez badie.

«Ez gaitu harritzen»

Larraona bezalako ikastetxeetan ikasturte hasieran izan diren kutsatzeei buruz galdetu diotenean, Isabel Fernandez UGTko ordezkariak azpimarratu du ez dela harritzekoa kutxatze horiek gertatu izana. «Oraingoz badakigu inguru hurbileko pertsonak konfinatu dituztela», gaineratu du.

«Gutxieneko segurtasun neurri batzuk negoziatzea eskatzen dugu, kontingentzia plana ez da negoziatzea izan. Ekarpenak posta elektronikoz baino ez dituzte jaso, eta hori ez da negoziatzea. Negoziatzera eseri dadila eskatzen diogu Gimenori, orain bada ere », azpimarratu du.

Bestalde, Nafarroako Gobernuak ekainean iragarri zituen irakasleen kontratazioei dagokienez, Fernandezek azpimarratu du «kontuak ez zaizkigula ateratzen».

«Irailean pixkanaka kontratatuko direla ere esaten zaigu. Egoera hori fiskalizatuko dugu. Oso kezkatuta gaude ikasleen segurtasunarekin, eta kontratazio horiek argia ikusten dutela ikusi nahi dugu», gaineratu du.