Dabid Lazkanoiturburu

AEBetan mendebaldeko kostako sute «historikoak» egundoko txikizioa eragiten ari dira

Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) mendebaldeko kostan dauden dozenaka suteek gutxienez 15 hildako eragin dituzte. Ehunka mila biztanle etxetik kanpo daude Kalifornian, Oregonen eta Washingtongo estatuetan.

Inoiz ikusi gabeko irudia Molalian, Oregonen. (Deborah BLOOM/AFP)
Inoiz ikusi gabeko irudia Molalian, Oregonen. (Deborah BLOOM/AFP)

11 pertsona hildako zenbatu dira Kalifornian, 3 Washingtonen –urte bateko haurra, 12 urteko mutikoa eta amona– eta beste bat Oregonen

Kaliforniako Suteen aurkako Departamentuak adierazi duenez, August Complexen ari den suteak estatuak bere gertuko historian pairatu duen handiena da.

Sute hau, Mendocinoko baso babestuan aurrera doana, oinaztarri batek eragin zuen pasa den abuztuaren 17an. Ordutik hona 190.700 hektarea erre ditu eta pertsona bat hil du. Gaur arte, sutearen %24a baino ez dute itzali suhiltzaileek.

Urterik txarrena

Ez da sute honena zoritxarreko errekor bakarra. Izan ere, urte batean erre den azalerarik handiena galdu da aurten (900.000 hektarea). Gainera, oraindik irailaren erdialdean gaude eta kontuan izan behar da azkenaldian Kalifornian suteen urteko sasoirik txarrena urrian eta azaroan izaten dela. Okerrena iristeko dago, beraz.

Kaliforniaz aparte, mendebaldeko kostako beste estatuak, Washington eta Oregon sute andana pairatzen ari dira aurreko asteburuan izan zen bero izugarriaren (leku askotan 40 gradutik gora) eta lehortearen eraginez.

Oregonen, Almeda Driven suteak ehunka mila pertsona atera ditu beren etxetik (85.000 biztanle dituen Medford herriko biztanle guztiak) eta 600 etxe guztiz suntsitu ditu.

Medfordetik 360 kilometro hegoalderuntz, North Complex-en suteak 20.000 pertsona ebakuatzera behartu du. Eskualde honetan izan zen 2018an historiako suterik hilgarriena. 85 pertsona hil ziren orduan eta Paradise herria desagertu egin zen hausterrearen azpian.

Haize ufadak suteak abiadan hedatzen ari dira eta suhiltzaileen lan baldintzak oso txarrak dira. Ez da espero, gainera, haize horiek epe laburrean ahultzea.

Herrialde osan kea da nagusi zeruan eta egundoko irudiak utzi zituen San Frantziskoko Badian. Kea behelainoarekin nahastu zen eta zeruak laranja biziko kolorea hartu zuen, inoiz ikusi gabea.