NAIZ

Ipar Euskal Herria «gune gorrian» sartu den egunean hainbat covid-19 kasu berri baieztatu dira

Gaur «eremu gorrian» sartu da ofizialki Ipar Euskal Herria covid-19aren hedapen azkarra dela-eta. Hartara Ziburuko Aristide-Briand lehen hezkuntzako eskola itxi dute hiru kasu positibo agertu direlako. Herri berean, udaltzain bik positibo eman ondoren sei langile berrogeialdian daude. Azkeneko kasu bat gaur arratsaldean baieztatu da Zokoako aisialdi zentro batean.

Aristide-Briand lehen hezkuntzako ikastetxea itxi dute gaur. (ville-data.com)
Aristide-Briand lehen hezkuntzako ikastetxea itxi dute gaur. (ville-data.com)

Gaurdanik Ipar Euskakl Herria kolore gorrian agertzen da Hexagonoaren osasun mapan. Zehazki erabakia joan zen ostiralean hartu zuen frantziar Gobernuak.

Izan ere, biharamunean Pirinio Atlantikoen prefetak erabaki horren ondorioak zehaztu zituen. Hartara, gaur indarrean sartu diren hainbat neurri arin hartu zituen Eric Spitzek.

Hala, musukoaren erabilpena zabalduko da. Lapurdi kostako beste hainbat herritan bezala, Hendaian, Bokalen eta Hiriburun derrigorrezkoa da gaurdanik maskara leku publikoetan eramatea.

Horrekin batera, aforoen gainean hainbat murrizketa ezarri ditu Prefeturak. Hamar lagun gehienez barne eremuetan eta 5.000 kirol ekitaldietan, horiek dira langa berriak.

Izan ere, Bordeleko erietxean «alarma gorria pizturik dela» iragarri duten egun berean, beste hainbat kasu baieztatu dira Lapurdin.

Hala, Ziburuko Aristide-Briand lehen hezkuntzako eskola itxi dute. Iraila hasieran bi haurrek positibo eman zutenean hainbat klase itxi zituzten. Hirugarren kasu bat baieztatu ondoren ikastetxea ixteko deliberoa hartu dute gaur.

Herri berean, udaltzaingoaren zerbitzuetan kasu bi agertu ziren iragan astean eta horren ondorioz sei langile berrogeialdian ezarri zituzten.

Azkeneko kasu bat gaur baieztatu da Zokoako aisialdi zentroan. Zentrotik deitu diotela haur batek positibo eman duela esateko baieztatu dio gaur arratsaldean NAIZI bertara semea bidaltzen duen aita batek.

Osasun protokoloa martxan jarri dute Zokoako aisialdi zentroan eta horren arabera ondoko ordu eta egunetan PCR frogak edota berrogeialdiak agindu ditzakete. Familiei haurrak etxean atxikitzeko gomendioa eman diete berri gehiago izan arte.