NAIZ

Greba deialdia aztertzeko eskatu die Urkulluk sindikatuei EHUko ikasturte berriaren inaugurazioan

Iñigo Urkulluk Lakuako Gobernuak hezkuntza sistema «ekitatibo eta kalitatezkoarekin» duen konpromisoa berretsi du, eta sindikatuei biharko greba eguna berriro aztertzeko eskatu die EHUko ikasturte berria aurkezteko ekitaldian. «Ez da aurre egiteko eta banatzeko unea, laguntzeko eta eraikitzeko unea baizik», gaineratu du.

Iñigo Urkullu eta Nekane Balluerka EHUko errektorea. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Iñigo Urkullu eta Nekane Balluerka EHUko errektorea. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Iñigo Urkullu lehendakariak UPV/EHUko 2020-2021 ikasturteari hasiera emateko ekitaldian parte hartu du astelehen honetan, eta bertan izan dira, besteak beste, Bakartxo Tejeria Gasteizko Parlementuko presidentea, Denis Itxaso Gobernu espainolaren ordezkaria, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea eta Juan Maria Aburto Bilboko alkatea.

Ekitaldi horretan, osasun-langileei omenaldia ere egin zaie, eta covid-19aren harira osasun-kontrolerako nahitaezko neurriak aplikatuta egin da. Izan ere, Urkulluk nabarmendu duenez, EAEk gaur egun «covid-19aren ondorioetara egokitzeko erronkari aurre egin behar dio, eta hori helburu partekatu bat da». 

Ikasturte berriaren hasierari dagokionez, adierazi du «herrialde aurreratu batek unibertsitate-sistema sendo eta bikaina» izan behar duela, «berrikuntzan, prestakuntzan, kulturan, bizikidetzan eta gizarte-kohesioan lagunduko duena». Ildo horretan, gaineratu du Unibertsitatearen ekarpena funtsezkoa dela ongizate sozial eta ekonomikorako.

Lakuako Gobernuaren hezkuntza sistema «ekitatibo eta kalitatezkoaren» aldeko «konpromisoa» berretsi du Urkulluk, eta hezkuntza «Jaurlaritzako sail guztiak konprometitzen dituen zeharkako helburua» dela azpimarratu du.

«Bereziki aipatzen dut Osasun Sailarekiko lotura. Ikasgeletan segurtasuna bermatzeko erabakiak hartu nahi ditugu. Hori Jaurlaritzaren eta hezkuntza-komunitate osoaren lehentasuna da. Erronka hori elkarlanerako eta konfiantzarako giroa sortuz baino ez dugu lortuko», defendatu du.

Hori dela eta, EAEko sindikatuei astearte honetan, hilak 15, iragarritako greba eguna «berriz aztertzeko» deia egin die; Urkulluren ustez, deialdi horrek «tentsioa eta segurtasun falta baino ez du ekartzen, distentsioa eta segurtasuna bermatzea dagokigunean». Horregatik, egungo unea aurrez jartzeko eta zatitzeko unea ez dela azpimarratu du, «lagundu eta eraikitzeko unea baizik».

Bestalde, Nekane Balluerka EHUko errektoreak –aurreko astean iragarri zuen ez dela berriro aurkeztuko– adierazi duenez, «Euskal Herriko Unibertsitateak ez du soilik gure herrialdeko goi mailako hezkuntzan lidergoa mantendu, nazioarteko unibertsitate guztietan duen posizioa hobetu baizik».

Medikuntzako gradua ia osorik euskaraz ematearekin batera, 800 irakasgai baino gehiago hizkuntza ez-ofizialetan ematen direla (633 ingelesez) nabarmendu ondoren, EHUren nazioartekotzea eta igoera baloratu ditu Shanghaiko rankingaren barruan, munduko 400 onenen artean kokatu baitu.

Bestalde, eta konfinamenduak ekarri zuen «gehiegizko esfortzua» aipatu ostean, «gure baliabide telematikoen potentzialtasunaren» garapena azpimarratu du.

LABen elkarretaratzea

EHUren ikasturte berria inauguratzen zen bitartean, LAB sindikatuak elkarretaratzea egin du Bizkaia Aretoaren kanpoaldean, baliabideak eskatzeko.

«Bizitza eta osasuna erdigunean. Baliabide nahikorik gabe, kalitatezko UPV-EHUrik ez» leloarekin egin duten protestan, LABek salatu du oraindik ez dakitela EHUko zenbat langile kutsatu diren, horren inguruko datuak eskatu dituzten arren.

«Baina jakin badakigu zenbait lankide kutsatuak izan direla: garbiketakoak, administrazio eta zerbitzuetakoak, zaurgarriak izanik telelanean jardutea ukatu zitzaienak… Guk ospitaleratze kasu gogorrak eta ez hain larriak izan diren zenbaiten berri izan dugu», gaineratu dute.

Ildo horretan, PCR testak unibertsitate komunitateko kideei egitea, lan ikuskaritzak, langile zaurgarriei babes berezia ematea (telelanean jarduteko aukera eskainiz), izango diren kasu positiboen kontaktuak detektatzeko pertsonal gaitua jartzea eta EHUko Prebentzio Zerbitzuak pairatzen duen langile eskasia gainditzeko neurri adostuak martxan jartzea izan dira sindikatuak mahai gainean jarri dituen eskakizunak.

Ez hori bakarrik, LABek pandemiari aurre egiteko neurri eraginkorrak bermatzeko neurriak hartzea exijitu du: egonkortasuna aitortzea urte asko kontraturik kontratu dabiltzan langileei, programa kontratuei lotutako Lanpostuen Zerrendatik (LPZ) kanpoko kontratuak LPZkoak bilakatzeko konpromisoa gauzatzea, zaintza lanak eta telelana errazteko sindikatuekin hitzarmen berria adostea, irakasleen zein administrazio eta zerbitzuetako (AZP) langileen ordezkapenak bermatzea eta EHUko langile guztien lan-sariak hobetzeko behar besteko diru-sarrerak bideratzea, soldatak gutxitzea edota izoztea alboratuz.

Azkenik, unibertsitate publikoak EAEko unibertsitate sisteman duen lehentasunezko papera betetzen jarraitu ahal izateko finantziazio handiagoa bideratzea eskatu dio Lakuako Gobernu berriari EHUko LABek