ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuek greba deialdia egin dute gaurko Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Hezkuntzan, beste zenbait gauzaren artean «aurrez aurreko Hezkuntza itzulera segurua eta adostua» eskatzeko.
Talaia Hondarribia Eskolak –hiru eraikinez osatutakoa: Satarka, Biteri eta Bordari–, «ikasturte hasiera berezia aztertuta», greba ez egitea adostu du, baina honakoa argi utzi du: «Talaia Eskolako hezkuntza komunitateko kideok greba egiteko argudio eta eskaerekin ados gaude».
Horregatik, Lakuako Gobernuaren Hezkuntza Sailarekin duen desadostasuna adierazteko, goizean goiz, ikasleak geletara sartu aurretik, ikastetxe honetako irakasle eta zuzendariek kontzentrazioa egin dute Biteri eraikineko sarreran. «Lanera gatoz, baina baldintza hauekin ez gaude ados!» izan da erabili duten leloa.
Koronabirusak sorturiko egoera berezi honi beste gai bat gehitu behar zaio. Bidasoaldeko herri honetako ikastetxeek Euskal Herriko besteak baino beranduago hasten dute ikasturtea, zehazki Hondarribiko jaiak amaitzerakoan.
Hala, Talaia Hondarribia Eskolak dituen hiru eraikinetan gaur ikasturteko bigarren eguna dute. Ume askok egokitzapena egin behar izaten dute, gehienbat 2 urtekoek, baina baita, kasu honetan, 4 urtekoek ere, Satarkatik Bordarira pasatzen baitira, beste eraikin ezberdin eta handiago batera.
Beraz, egokitzapena, ikasturteko bigarren eguna eta ikastolara joan gabe sei hilabete daramatzatela ikusita, Talaia Eskola gaur irekita mantentzea erabaki dute, zerbitzuak barne.
Aurrez aurreko Hezkuntza itzulera «segurua eta adostua» eskatzeaz gain, Talaia Hondarribia Eskolak beste eskaera batzuk ere baditu: ratio txikiagoak eta irakasle gehiago egotea, jangela zerbitzu egokia eta segurua bermatzea, Hezkuntzaren aldetik zehaztasun eta baliabide aurreikuspen gehiago, musuko, gel eta termometroak Hezkuntzak ordaintzea edota herriko espazioak erabiltzeko aukera.
Udala eta ikastetxeen arteko bilerak
Bestalde, atzo bertan Hondarribiko alkate Txomin Sagarzazuk jakitera eman zuenez, herriko ikastetxeek helarazitako eskaerak erantzuten dabil Udaletxea.
Aurreko astean bildu ziren lehen aldiz ikastetxeetako zuzendariak Juan Luis Silanes Hezkuntza zinegotziarekin batera Udalean, ikasturte berriari begira dituzten beharrak entzuteko.
Ondorioztatu zuten elkarren arteko lankidetzaren beharra dutela eta alkateak argitu zuen jadanik «lankidetza hau bere fruituak ematen ari dela» eta beraz, «balantze positiboa egitera» ausartu zen.
Hala ere Txomin Sagarzazuk nabarmendu du Udala ez dela Lakuako Gobernuko Hezkuntza Saila eta eskumen hauek Lakuarenak direla.
Eskaerei dagokienez, Udaltzaingoaren laguntza izan da amankomunean ikastetxeek eduki duten eskaera, ikasgeletara irisgarritasuna errazte aldera zenbait aparkaleku erretiratuko dituzte. Bestalde, Talaia eskolatik hainbat hesi eskatu dituzte eta Ama Guadalupekoa ikastetxetik Hondartza Kiroldegi kanpoko pista erabili ahal izatea, jarduera fisikoak egin ahal izateko. Zehaztu dute eskaera hauei jada erantzuna emana dela.
Amaitzeko, alkateak ikasturte berezi baten atarian gaudela aurreikusi eta Udaletik prest egongo direla herriko 2.200 haurren baldintzak hobetu ahal izateko.