NAIZ

Kulturako langileen Alerta Gorria mugimenduak mobilizazioak deitu ditu Bilbon eta Gasteizen

Ekitaldi eta ikuskizunen sektoreko profesionalak batzen dituen nazioarteko Alerta Gorria mugimenduak mobilizazioen deialdiak zabaldu ditu ostegunerako, hilak 17rako, Bilbon eta Gasteizen. Estatuko beste hiri batzuetan ere antzeko ekimenak burutuko dira.

Nazioarteko mugimendua da Alerta Gorria. (NAIZ)
Nazioarteko mugimendua da Alerta Gorria. (NAIZ)

Sektoreak betidanik eta batez ere orain kultura isilarazi denean bizi izan duen zaurgarritasunagatik sortu zen Alerta Gorria mugimendua, haien bultzatzaileen esanetan. Estatu mailan koordinatuta, gurean ere presentzia du. «Gure sektorea eta gure beharrak jendartean ikusarazi nahi ditugu –diote–; ekitaldi eta ikuskizunetan lan egiten dugun ehunka eta ehunka familia egoera larrian bizitzen ari garelako».

#redalert #alertaroja #alertagorria nazioartean sortu den mugimendua da, baina Estatuan ere koordinatuta daude  www.alertarojeventos.com web orrialdearen inguruan.

Eta lehen urrats moduan irailak 17rako mobilizazioak antolatu dituzte Estatuko hainbat hiritan; tartean Bilbon eta Gasteizen, «erakutsiko dutenak profesionalok segurtasunez eta profesionaltasunez lan egiten dugula lehen, orain eta beti», haien hitzetan. Gasteizen 20.30etan deitu da mobilizazio Foruen plazan; Bilbon, Moyua plazan, 19.30etan

Beraiek aipatutakoaren arabera, «ikuskizun eta ekitaldien sektorea osatzen duten profesionalek eta enpresek alor ekonomikoan eragin ekonomiko zuzen eta nabarmena daukate: Estatu espainiarreko barne Produktu Gordinaren %3,8a, zehazki, eta 700.000 lanpostu sortzen ditu. Oso anitza eta banatutako dagoen sektorea da, eta bere ezaugarri nagusiak dira transbersala dela eta beste sektoreekiko (Kultura eta Kirola, Industria eta Turismoa) mendekotasuna duela.

Horren ondorioz, ikuskizun eta ekitaldien sektoreak betidanik bizi ditu egitura-ahuldura eta segurtasun juridiko eza. Eta orain, bizi dugun egoera berri honekin, hori guztia are eta gehiago areagotu da. Horregatik ezinbestekoa eta premiazkoa da sortzea erreglamendu bateratu eta espezifiko bat erantzun egokia emango diena sektoreak bizi dituen egoera, baldintza eta zehaztasunei, besteak beste, askotan sasoika eta jarraitutasun gabe lan egin behar izatea».

Nazioartean zabaldutako mugimendu honen inguruan profesional ugari batu dira, aurretik inoiz egin duten bezala. Eta irailaren 17an Estatuko hiri deserdinetan lelo eta helburu bera izango duen mobilizazio erraldoi bat egiteko, baita Euskal Herrian ere, jakina.