Murgiltze ereduak zer esana eman du azken asteetan, batez ere, Bordeleko Hezkuntza Ministerioak Hiriburuko Baste Quieta ama eskolan «%100 euskaraz» esperimentazio egitasmoa ezartzea debekatu ostean. Ordea, murgiltze ereduak jakinmina ere piztu du beste hainbat eragileren artean eta horren adierazle dira Korsikako delegazio batek Seaskako ordezkariekin azken egunetan izan dituen bilkurak.
Korsikatik etorritako hamar ordezkariz osatutako delegazio batek hainbat ikastetxe bisitatu eta Seaskako ordezkariekin bilkurak egin zituen irailaren 12tik 14ra bitartean. Ama eskoletatik hasi eta lizeora, hainbat ikastetxetan izan ziren eta arretaz entzun zituzten hezkuntza %100 euskaraz eskaintzen duen Seaskako ordezkarien azalpenak.
Ordea, ikastaro teorikoez harago, Korsikan ere antzeko egitasmoa martxan jartzeko asmoa dute. Horrela, datorren urteko ikasturtea hasterako dena prest izan nahi dute Korsikako bi eskoletan murgiltze eredua ezartzeko. Pasa den martxoko herri hauteskundeen ostean agintea lortu zuten autonomistek Bastia eta Biguglia herrietan eta haien asmoa da proiektua sostengatzeko bitartekoak eskaintzea.
Korsikarrek abiaraziko duten egitasmoak elkarte forma izango du, Seaskak bezala, horregatik agertu dute ikastolen ereduarekiko interes berezia. «Badira beste adibide batzuk Europan, baina Seaskako egitasmoa Estatu frantsesak ezartzen duen markoaren baitan garatzen da, gurea bezala, horregatik etorri gara hona», argitu zuen François Alfonsi diputatu europarrak.
Euskal Herrira egin duten bidaian, gainera, Korsikako hautetsiak, hezkuntza sindikatuetako ordezkariak eta korsikera irakasten duten elkarteetako ikasleen gurasoak izan dira. Haien esanetan, ez dute eredu bat inposatu nahi, xede nagusia korsikeraz ikasteko eskaintza pixkanaka egituratu nahi dute, ama eskolatik hasi eta lizeoraino. Horrela, «gurasoek ikusiko dute ikastolak eskaintzen duen eredua bezalakoa, zinez eraginkorra dela», nabarmendu zuen Alfonsik.
Horixe da hain zuzen ere korsikera sustatzeko lan egiten duten eragileek bilatzen dutena, alegia, eraginkortasuna. Izan ere, azken hamarkadetan beherakada itzela izan du korsikerak, eta egun, 70 urtetik gorako herritarrak dira uharteko hizuntza gehien hitz egiten dutenak.
Korsikako sistema publikoan hiru murgiltze eredu daudela azaldu zuen eurodiputatuak, baina atsedenaldietan, bazkalorduan eta aisialdian frantsesa nagusitzen denez, egungo sistema ez da nahikoa bere aburuz. «Hau bezalako beste belaunaldi bat eta ez dugu baliabiderik izango irratiak eta antzerakoak hornitzeko. Errendimendu altuko sistema bat behar dugu hemendik hamabost urtera emaitzak izateko», azpimarratu zuen François Alfonsik.
Etorkizuneko harremana
Hezkuntza arloaz gain, bestelako eremuetan Ipar Euskal Herrian garatzen diren proiektuen berri izateko ere baliatu zuen bidaia Korsikako delegaziokoak. Hori dela eta, arlo ekonomikoan, finantzarioan, energetikoan eta nekazal arloan, Zuberoan, Nafarroa Beherean eta Lapurdin abiatutako egitasmoen inguruko informazioa jaso zuten lehen eskutik.
«Eurodiputatu naizen heinean, Euskal Herrian abiatutako hainbat ekimenen kalitatea eta jasangarritasuna ikusi ahal izan ditut, beraz oker ginateke aurrera egiteko inspiratuko ez bagina», jakinarazi zuen Korsikako delegazioko ordezkariak.
Korsikar eta euskaldunen arteko harremana ez da etengo, eta hurrengo hitzordua Korsikan izango da abenduaren 4an eta 5ean egingo diren topaketetan. Bilkura horretara joango diren euskal delegazioko kideen artean Jean-Rene Etchegaray Euskal Elkargoko lehendakaria egotea aurreikusten duela irragari zuen Alfonsik, pasa den asteburuan elkarrekin bazkaldu eta hitz egiteko parada izan baitzuten.