OIHANE LARRETXEA
DONOSTIA

Xabier Leteren letretan topatu ditu erantzunak Ainhoa Urien idazleak

Xabier Leteren poemak izan ditu bidelagun Ainhoa Urien abadiñarrak nerabezarotik heldutasunera iristeko barne bidaian. Sortzailearen hitzetan topatu ditu bere ideien baieztapenei erantzunak. Orain, prozesu intimoa saiakera, prosa eta poesiatik duen liburu batean jaso du: ‘Poesia, zaurien ukendu. Xabier Leteren arrastoan’.

Ainhoa Urien idazleak Donostian aurkeztu du liburua. (Andoni CANELLADA I FOKU)
Ainhoa Urien idazleak Donostian aurkeztu du liburua. (Andoni CANELLADA I FOKU)

Ainhoa Urien (Abadiño, 1995) idazleak urteetako bidaia bat egin du eta orain bidaia hori oparitu nahi dio irakurleari. Bidaia aspalditxo hasi zen, 14 urte bete eta amaren eskutik Xabier Leteren ‘Egunsentiaren esku izoztuak’ poema bilduma jaso berritan. «Orduan hasi nintzen ibilian eta geroztik batera eta bestera, atzera eta aurrera egin dut, eta geldialdiz geldialdi iritsi naiz gaur arte, eta ez da bukatu, baina nik amets bat bete dut», adierazi du egileak berak goiz honetan Donostian egin duen aurkezpenean.

Unibertsitate garaian poesia «barra-barra» idazten zuen, eta Filosofian titulua eskuratu ahal izateko lana ontzen zebilen. Hortxe ditu sustraiak ‘Poesia, zaurien ukendu. Xabier Leteren arrastoan’ lanaren mamiak, Pamielaren eskutik argitaratu duen liburuak.

Xabier Leteren azken poema liburu hartan «liluraz» irakurtzen zituen lerroak hasieran Urienek, eta urteak pasa ahala orduan eta hobeto ulertzen zituen. «Gradu amaierako lanerako idatziak nituen neure poema haiek berrirakurri eta pentsatu nuen ‘babesa bilatu dut berba hauetan’». Xabier Leteren berbetaz ari da. «‘Egunsentiaren esku izoztuak’ liburuko poemak ere behin eta berriro berrirakurtzen nituen eta deskubritu nuen Xabier Letek ere bere poemak zituela babesleku. Ordurako bazebilen honekin lotutako ideia bat nere buruan, sorkuntza lanek izan badutela funtzio terapeutikoa, poesia idaztea salbazioa izan daitekeela». Eta egilearentzat izan da. Irakurlearentzat posible da ere hala izatea.

Bidaiak beste geldiadi batzuk izan ditu. Hala nola Leterentzat garrantzitsuak izan ziren tokiak. «Bere jaioterria, Oiartzun, erakutsi zidan Arantxa Letek; bere bizitokia, Urnieta, Santi Sanchezek. Bi horietatik gertu Miramonen izan nintzen, ia bigarren bizitoki bilakatu zitzaion ospitaleko korridore haietan ibili nintzen Felix Zubia medikuarekin», kontatu du.

Hirugarren eta azken geldialdia Joxerra Garziarekin lan egitea izan da. Berak hauspotuta argitaratu baitu. «Lehenengo liluraz jasotako oparia izan zen, gero unibertsitateko lana eta orain eskuartean dudan saiakera liburua. Hamaika urteko bidaia baten hiru mugarriak dira hauek», zehaztu du.

Liburu mestizo bat

Unibertsitateko lana bezala jaioa, saiakera literario bihurtzeko idazkera egokitu behar izan du egile gazteak, edukian gehiago eta hobeto sakonduz. Barrutik idatzi duela aitortu du, eta bere bizipenak konpartituz irakurlea konplize egin gura du. «Hala izanda, liburua oso pertsonala dela esango nuke, Xabier Lete ardatz hartuta». Haren poemak «maletan sartuta» egin du bidaia.

Urien beraren hitzetan, «liburua kronika literarioa da, liluraz egindako bidaia baten kontaketa, Xabier Leterengandik hurbil egon ziren pertsona batzuk bidelagun hartuta, haien kontakizunekin hobeto ezagutzeko. Aldi berean, barne bidaia baten kontakizuna ere bada, Xabier Leteren poemetan neure ideiaren baieztapenaren bila aritu naizela, bere oinaze eta zaurietara ukendua isuri zuten hitzen bila».

Liburua mestizaje gisa aurkeztu du Joxerra Garziak. «Eredugarria da egiten dituen genero nahasketagatik. Zentzu horretan, asko predikatzen da baina gutxi praktikatzen da halakotik. Hau mestizajea da, saiakera, prosa edo poesia da, bidaia kontaketa bat izan daiteke, eta dena zentzuz txertatuta ematen du», esan du. Baliatu duen metodologiaz, «xumea» dela esan du, alegia, «irakurri, entzun, bizi eta idatzi egin du, eta horretan euskal munduan izan ditugun ikerlari handienen ildoan doa, dela Azkue, Zabala, Lekuonatarrak, Garate… xumea besterik gabe. On genduke hemen Ainhoak aurkezten digun moduko ikerketa jasotzea, itxuraz xume baina geure izana esplikatzen diguna, hau da behar duguna», amaitu du.