Amalur ARTOLA
DONOSTIA
Elkarrizketa
Telmo Esnal
Zinegilea

«Urtero hilabete pasako bagenu etxean sartuta mesede egingo genioke Lurrari»

Kantu bat da ‘Urtzen’. Itsasoarekin bat egite bat, naturaren eta giza lorratzaren orekaren aldeko deiadarra. Uholde bat, kontzientziadun ikuslearentzat. Itxialdian etxeko xumetasunetik grabatutako saiakera honetan hainbat adituren argudioak eta ipuin iradokitzaile bat bildu ditu Telmo Esnalek, itsasoa gu garela aldarrikatzeko.

(Juan Carlos RUIZ | FOKU)
(Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Hausnarketa bat da ‘Urtzen’, itsasoaz, eta harekin batera natura eta giza existentziaren arteko orekaz. Nola sortzen da proiektua?
‘Dantza’ egiten ari nintzela erakutsi zidan Pablo Azkuek ‘Ur’ ipuina. Mezua interesatu zitzaidan eta elkarrizketa bat grabatu genuen. Bertan kontatu zidan nola sortu zen ipuina, zer egiten duen berak, ze, pelikulan ikusten den bezala, gu itsasoa garela esaten du eta gure barruko urak kudeatzeko terapia bat egiten du. Bigarren saio batean terapia bera grabatu genuen. Horrela geratu zen kontua, ez nekielako ze forma eman. Egia da ipuinarekin egin zitekeela zerbait oso fantastikoa, baina ez zitzaidan iruditzen.

‘Dantza’-rekin nenbilela, AEBetan, Argentinan… beti eramaten nuen ur azpiko kamera eta Iguazun, Patagonian… ura zegoen lekuetan planoak egiten nituen. Ez nekien zer egin material guzti horrekin eta, itxialdia gertatu zenean, elkarrizketa bat entzun eta txispa piztu zitzaidan. Gero Karmelo Bizkarraren bideo bat iritsi zitzaidan, gauza batek bestera eramaten zaitu eta itxialdia bukatzerako banituen bi ordu. Hor ia muntatzaileei erakutsi nien, interesgarria iruditu zitzaien eta aurrea egin genuen.

‘Ur’ bada, nolabait, gizarte utopiko baten irudia. Zer iritsi zitzaizun kontakizun hartatik, filme batera eraman nahi izateko?
Gauzak dauden bezala eta gizakiok antolatuta gauden erara, planeta suntsitzen ari gara. Aldaketa klimatikoa ere hortxe dago, argi dago geratu egin behar dugula, ezin dugula aritu beti egin eta egin eta egin. Sentsazio hori badut, zerbait egiten egon behar dugula denbora guztian, eta egin behar duguna da geratu eta pentsatu ea horrelako gizarte bat nahi dugun. Hala nahi dugula? Ba, ados. Baina nahi badugu gizarte bat elkarrekiko errespetuz jokatzen duena, hitz egin baino gehiago entzun egingo duena, zerbait aldatu behar dugu. Arrazoia edukitzea gustatzen zaigu, baina ez dago arrazoi bakarra. Betiko hausnarketak dira.

‘Betiko hausnarketa’ horiek beste sakontasun bat hartu dute itxialdiarekin. Edo ez?
Nik uste izan dut eman zitekeela aldaketaren bat, baina, orain, itxialdia urrun ikusten dugunean… gizarte bezala aurreraka egin beharrean atzeraka egin dugula uste dut. Musukoz betetzen ari gara itsasoa. Pelikulan Pablok mezu inportante bat ematen digu: munduaren %70a itsasoa da eta gu %70 ura gara, itsasoak garrantzia handia du gure bizitzetan eta, plastikoz eta zikinkeriaz josita badaukagu, ezinezkoa da gu osasuntsu egotea. Akordatzen naiz pelikula bukatzen ari ginela nola hausnartu zuen, itsasoa garbitzeko barkuak egin beharrean gerra-barkuak egiten ditugun bitartean berdin jarraituko dugula. Orduan, itxialdi betean, bazirudien aukera ederra geneukala gauzak aldatzeko, baina ez dut ikusten jendeak nahi duenik. Ondo bizi gara eta ez dugu ezer aldatu nahi. Orain Covid-a etorri zaigulako, baina munduan gaitz asko daude, milaka pertsona hiltzen dira gosez, Lesbos-en kanpalekuak erre dira, baina urrun daude eta guri bost axola.

Aditu askoren argudio eta azalpenak bildu dituzu. Zerk sortu dizu zirrara berezia?
Hor dauden guztiek eragin didate zerbait, baina Joan Antoni Melé, Triodos Bank-eko fundatzaileak esaten dituenak… Gizarte bezala minbizia dugula dio, ezin garela hazi eta hazi eta hazi mugarik gabe, ze gauza bat hazteko bestea xahutu egin behar da. Gauzak ondo egiten baditugu irabaziko dugula dirua dio, baina ez direla gauzak dirua irabazteko egin behar, baizik eta ondo egiteko helburuz. Hausnarketa horiek oso interesgarriak dira. Edo Fernando Vadallares-ek, aldaketa klimatikoaz ari denean, azaltzen duenean Txinako Hiru Arroiletako presak nola aldatu duen Lurraren inklinazioa… pentsatzen duzu: ‘Baina, zer da hau?!’. Azkenean, entsegu xume bat egin nahi izan dut eta, balio badu pixka bat kontzientzia hartzeko, ongi etorria izan dadila.

Pelikulan zure egunerokotasuna jarraitzen du ikusteak. Bizarra egiten, dantzan, josten ikusten zaitugu, adituen hitzak ere zure pantailetatik jasotzen ditugu. Zergaitik hautu hau?
Hasieran lotsa sentitzen nuen nire burua hor ikusteaz, baina kanpotik, zuzendari bezala ikusteko gai izan nintzen: ‘Beno, hor dagoen pertsona horrek lagundu egiten du narrazioan’, esan nuen. Ez nuen ezer berezirik egin berariaz pelikularako. Ahuakatea uretan jartzea edo lagunarentzat amantala egitea, horrela suertatu zirelako egin nituen; gero konturatu nintzen egiten nituenek zentzu bat bazutela. Argia joan zenean ere, benetan joan zen, elkarrizketaren erdian, momenturik okerrenean gainera (barreak). Ni deskubritzen noan heinean, nirekin doa publikoa, eta hori ederra da.

Mezu baikor batekin amaitzen duzu pelikula: ez da berandu gizakiak planetari egin dion kaltea desegiteko, edo behintzat saiatzeko. Esperantzarik baduzu beraz?
Esperantza beti dago. Itxialdian ikusi ditugun ekaitzak, egunsentiak… izugarriak izan dira. Oraintxe ere, gora begira nago eta garbi ikusten da zerua. Brometan esan ohi dut urtean hilabeteko itxialdi bat egin beharko genukeela, eta gero ea berdin jarraitu nahi dugun birpentsatu. Hilabete horrekin sekulako mesedea egingo genioke Lurrari. Xabier Euzkitzek esaten du pelikulan gu desagertu egingo garela baina honek jarraitu egingo duela; ezer ez da gurea, gu hemen daude arkakusoak bezala, eta datozenentzat hartu duguna baino hobeto utzi beharko genuke, baina justu kontrakoa ari gara egiten.

Ederrak dira kredituetako irudiak. Ausartak ere bai.
Niri oso ederrak iruditzen zaizkit. Haserako apunteetan baneukan erditze bat grabatzearen ideia, itsasoan, Zarauzko portuan, baina, noski… (barreak). Interneten irudi hori ikusi nuenean [erditze bat beirazko bainuontzi batean], hain ederra, amaitzeko erabiltzea erabaki nuen. Haur horrek denbora pila bat egin dezake ur-azpian, eta horrek zerikusi handia du kontatzen ari garenarekin. Kontatutako guztia biltzen du.