«Hiltze bat da» adierazi du euskal delegazioak Jakes Esnali baldintzapeko askatasuna ukatuz dei auzitegiak, ostegun arratsaldean, plazaratu zuen deliberoa salatzen duen oharrean.
Fiskalak Xistor Haranbururen auzian eginiko oharra –bere hirugarren eskaeraren kontra azaltzeaz gain, aurrerantzean aurkeztu dezakeen edozein eskaera errefusatuko duela ohartarazi zuen- zentzu berean baloratu du delegazioak.
Orotara hamalau ordezkari politiko eta bake eragileen sinadura daraman oharrean –agiriaren sinatzailen artean Jean-René Etchegaray Euskal Elkargoko burua dago, baita Vincent Bru diputatua, Max Brisson eta Frederique Espagnac senatariak, Kotte Ezenarro eta Alain Iriart auzapezak, Michel Tubiana Frantziako Giza Eskubideen Ligako ohorezko lehendakaria, Txetx Etxeberri bakegilea eta Anaiz Funosas Bake Bidea elkarteko presidentea– frantses Estatuari «espetxe politika gauzagarria definitzea» eskatzen zaio.
Euskal delegazioak agerian uzten ditu Fiskaltzaren jokabideak dituen ondorio zinez larriak. «Bide judizial guztiak agortzen ari dira eta apelazio-salak baldintzapeko askatasunak behin eta berriz ukatzea heriotzerainoko kondena da» oharrarazi du.
Erabaki hau hiltze bat da !
— Bake Bidea (@BakeBidea) September 25, 2020
Irakurri hemen, Jakes Esnalen erabakiari buruz baita Xistor Harambouren dei auziari buruz, Euskal Herriko delegazioaren agiria. pic.twitter.com/26WtYX5ppP
Euskal delegazioaren esanetan, egungo blokeo-egoerak «Euskal Herria, inork nahi ez dituen lerratze batzuen menpe ezartzen du, eta bake-prozesua hori ekiditea zuen helburu».