Donibane Lohizune eta Ziburu artean memoria ibiltaria antolatu du gaur goizean ezker abertzaleak, iraganari so gelditzeko baino «oraina eta geroari» jartzeko xedez.
Adin eta ibilbide ezberdineko ehunka herritar batzuk elkartu dira gehienbat belaunaldi gazteen bultzadapean eginiko memoria ekimenean.
Donibane Lohizuneko Louis XIV plazan izan du abiapuntu era berean memoriaren eskubidea aldarrikatzeko balio izan duen ibilbideak.
Ipar Euskal Herria frankismoaren ondoko urtetan gogor astindu zuen guda zikinaren hatzaparretan hil ziren hiru herritarren potretak ezarri dituzte plazaren txoko batean.
Triple A talde armatu faxistak 1978an hil zuen Agurtzane Arregi -Juan Jose Etxabe bere senarra zauritu zen atentatu horretan-, GAL taldeak 1984an hil zuen Mikel Goikoetxea ‘Txapela’, eta urtebete beranduago Felipe Gonzalezen gobernuaren garaian jardun zuen talde terrorista berak hil zuen Xabier Galdeano izan dituzte gogoan.
Arregiren bi alabetako batek, Anaizek, «berrogei urtetan inoiz ez digu esan barkatu, baina terrorismoaren biktimak gara» adierazi du. Xabier Sanchez Erauskin kazetariak EGIN egunkariko langile izan zen Xabier Galdeano hil ondoren idatzi zuen zutabea eta ‘Txapela’k alabari idatzitako eskutitz bat ere irakurri dituzte.
«Inor ez ahantzi, inor ez bide bazterrean utzi»
Frantses Poliziak 1984. urtean hil zuen Didier Lafitte IK erakundeko militantea gogoratzen duen oroitarria izan da memoria ibilariaren bigarren geltokia. Bere anaia Pascalek esker oneko hitzak izan ditu han bildutako jendearentzat eta «inor ez ahazteko, ez da baztertzeko ere» deia egin du. Guk musika taldeak sorturiko “Arrantzale maitagarria” abestu du ondotik Urruñatik heldutako musikari tropa batek.
Zubia hartuta, Donibanetik Zibururantz abiatu dira ondoren ibiltariak. Ziburuko kaian, Joxe Migel Etxeberria ‘Naparra’, BVEk desagerrarazi zuen errefuxiatuaren familiak egiaren bila eginiko ibilbide malkartsua jorratu du Iñaki Egañak, Kapitasmoaren Aurkako Komando Autonomoen kide izan zenaren gorpua atzemateko eginiko azkeneko idusketa lanetan frantziar agintariek izan duten jarrera ezkorra salatuz.
BVE taldeak 24 herritar hil zituela eta GALek beste 27 mahaigainean jarri du historialariak.
Hain zuzen, Ziburun, Xabier Galdeano baina baita GALek hil zituen Christian Olazkuaga, Emile Weis eta Claude Doer lapurtarren memoria betikotzeko plaka dago.
Ondoko plazan ezarritako oholtzatik «murruetan zuen izenak irakurriz hazi gara eta zuen izenak abestuz haziko ditugu gure seme-alabak» hitza eman dute ekitaldiaren amaieran mintzatu diren hizlari gazteak.