Abuztuko hauteskundeetan oposizioaren hautagaiburua izan zen Svetlana Tijanovskaiarekin elkartzen den Mendebaldeko lehen agintari gorena da Emmanuel Macron presidente frantsesa. Orain arte, Poloniako eta Lituaniako agintariekin eta Europako Batasuneko Kanpo Arazoetarako ministroekin bildu da Tijanovskaia.
Hala ere, bileraren argazkirik ez dago, momentuz.
Pasa den igandean boterea uzteko dei ozena egin zion Eliseoko maizterrak Alexandr Lukashenko Bielorrusiako presidenteari.
Egun hartan dozenaka milaka pertsona kalera atera ziren hamaikagarren asteburuan jarraian hauteskunde iruzurra salatu eta Lukashenkoren kanporatzea exijituz.
Poliziak 200 manifestari atxilotu zituen, Hilabete eta erdi luze honetan milaka dira atxilotutako oposiozaleak.
Svetlana Alexievich, Alemaniara
Svetlana Alexievich oposizioa babesten duen Literatura Nobel Sariak ihes egin behar izan du Alemaniara, Minskeko Gobernuaren presioak ezin jasan eta gero.
Macronek Bielorrusian bitartekaritza posible egiteko ahal duen guztia egingo duela iragarri du eta Europan Segurtasun eta Elkarlan Erakundearen (ESEE) papera aldarrikatu du.
Lituanian erbesteratuta dagoen Tijanovskaiak eskerrak eman dizkio Macroni baina presidente frantsesak Vladimir Putin Kremlineko maizterrarekin dituen harremanak baliatzeko eskatu dio.
Bide batez, oposizioko kide bielorrusiarra Frantziako Asanblada Nazionalean hitzaldi bat ematera gonbidatu duela iragarri du.
Putinek argi du
Macronek ziurtatu zuenez, Putin ados legoke ESEEren bitartekaritzarekin.
Errusiako presidenteak, ordea, Bielorrusiak bizi duen «egoera zaila» azpimarratu du, batez ere «kanpotik izugarrizko presioa pairatzen duelako».
Putinek Mosku beti Minsken ondoan egongo dela ziurtatu du, harremanak «atemporalak eta arazo guztien gainekoak» direla iragarriz. Macronek berak ondo daki hori. Tijanovskaiarekin argazkia ez kaleratzeko arrazoia, agian?