Kanakyn bigarrenez eginen dute independentziarako galdeketa, urriaren 4an, 2018an egin zuten galdeketan ezezkoak irabazi ondotik.
Zehazki 2018ko azaroaren 4an gauzatu zen galdeketa horretan independentziaren aurkakoak nagusitu ziren, bozen %56,7 lortuz, independentzia zaleek %43,3 eskuratu zuten bitartean.
«Kaledonia Berriak burujabetza osoa eskuratu eta independente izatea nahi duzu?». Boza emateko eskubidea duten herritarrek galdera horri baiezkoarekin edo ezezkoarekin erantzun beharko diote berriro ere igandean.
Hastapen batean irailaren 6an finkatu zuten hitzordua, baina covid-19aren izurritearen eta konfinamenduaren ondorioz, herriko bozak ere gibelatu behar izan ziren.
Hainbat eztabaidaren ondotik, urriaren 4an ezarri zuten independentziarako galdeketa egiteko data. Galdeketaren datak ika-mika piztu du.
Ez da izan eztabaida sortu duen afera bakarra. Aurreko galdeketan bezala erroldaren gainean ezadosasuna agertu da. Jatorrizko populazioa zuzenki erroldan sartzea auzian ematen dute independentziaren aurka dauden alderdiek. Independentistek, bestalde, uharteetatik kanpo bizi edoeta ikasten duten herritarrek prokurazio sistemaren arabera botoa emateko atzeman dituzten arazoak agerian jarri dituzte.
Hala eta guztiz ere, oztopoak oztopo, «kanakiar lurraldeetan antolaturiko erreferendumak frogatzen du borondate politikoa dagoenean posible dela legearen baitan autodeterminazio eskubidea egikaritzea», nabarmendu dute EH Baik eta EH Bilduk gaur plazaratu duten agirian.
️ KANAKIAR #erreferenduma
— EH Bai (@EHBai) September 29, 2020
EH Bai eta @ehbildu|k elkartasuna helarazi nahi diegu eta deitu nahi ditugu Kanakiar eta Kaledonia Berriko biztanle guziak erreferendum hortan parte hartu dezaten eta beren herriarentzat hoberena den hautua egin dezaten. Independentzia.
pic.twitter.com/EhQZLcX2uZ
Kazeta.eus atariak argitaratu duen artikuluak oroitarazi duenez, Kanaky 1853tik dago frantziar administrazioaren menpe. 1998an izenpetu ziren Noumeako Akordioen ondotik deskolonizazio prozesu bat irudikatu zuen. Molde berezia mahai gainean ezarriz, gainera. Prozesu hori bi komunitate nagusien arteko «elkar ulertze» baten emaitza bezala aurreikusten delako.
Melanesiar jatorriko kanak herria dago batetik, eta europarren ondorengoak bestetik. Prozesu hori 1998an hasi zen 80ko hamarkadan izandako liskarren ondotik.
Urriaren 4an baiezkoak irabaziko balu, Kanaky Estatu independente bilakatuko litzateke. Hori dio agorrilaren 25ean galdeketak eraginen lituzkeen ondorioez frantziar Estatuak hedaturiko agiriak. Oinarriak finkatu eta Konstituzio bat onartu behar luke. Testuaren arabera, frantziar Estatua ez litzateke erretiratuko. Hala, segurtasun publikoa, moneta edota justizia bermatuko lituzke, «denboran mugatutako trantsizio fase batean».
Kanakyko eta frantziar Estatuko agintariek egutegi bat adostuko lukete konpetentzien aldaketa gauzatzeko.
Alta, erreferendumean independentziarekiko ezezkoa gailenduko balitz, Kanakyk egungo estatusa atxikiko luke: frantziar lurralde kolektibitate berezia izaten segituko luke. Frantziar Estatuak lehendik emandako konpetentziak ezingo lituzke errekuperatu, Noumeako Akordioek atzeraezintzat jotzen dituztelako.
Aipaturiko akordioak hirugarren erreferenduma egiteko posibilitatea ere idekia uzten du, Kongresuko partaideen herenak sei hilabeteren buruan hala galdeginez gero. Kasu horretan, galdeketa berria hemezortzi hilabeteko epean egin beharko litzateke.
Baina lehenik, Kanaky herriak independentziaren bidea hartzen duen edo ez jakiteko urriaren 4ko mugarriaren zain egon beharko da.