NAIZ
DONOSTIA

Maddi Ane Txoperena gailendu da Xilabako hirugarren kanporaketan

Xilaba Bertsulari Xapelketako hirugarren kanporaketa jokatu zen atzo, larunbataz, Ainhoan. Saioan Maddi Ane Txoperena hendaiarra gailendu zen eta Xumai Murua eta Ramuntxo Christy gelditu ziren bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren. Datorren larunbatean Larzabalen laugarren saioa jokatuko da, fase honetan azken saioa.

Maddi Ane Txoperena, atzo Ainhoan, Xilabako hirugarren kanporaketan. ( Bob EDME)
Maddi Ane Txoperena, atzo Ainhoan, Xilabako hirugarren kanporaketan. ( Bob EDME)

Xilaba Bertsulari Xapelketako hirugarren kanporaketa jokatu zen atzo Ainhoan eta saioan gailendu zen Maddi Ane Txoperena hendaiarra, 335 punturekin. Xumai Muruak eta Ramuntxo Christyk eskuratu zituzten bigarren eta hirugarren postuak, hurrenez hurren, 326,5 eta 312,5 punturekin.

Xilabako aurreko bi kanporaketa saioetan Aitor Servier eta Maddi Sarasua sailkatu ziren.

Ainhoako Elkarteen gelan lehiatutako hirugarren kanporaketaren sailkapen osoa honakoa izan da: Maddi Ane Txoperena (335 puntu), Xumai Murua (326,5), Ramuntxo Christy (312,5), Iker Altuna (305,5), Bixente Hirigarai (292) eta Battitt Crouspeyre (289,5).

Bertsozale elkarteak igande honetan ohar bidez azaldu duenez, Xilabako laugarren kanporaketa, eta aldi berean fase hontako asken saioa, hurrengo larunbatean, hilan 10ean, ospatuko da Larzabaleko Herriko gelan. Oholtza gainean arituko dira Xan Alkhat, Mizel Mateo, Josu Txoperena, Oneka Arteaga, Kerman Diaz eta Johaine Sarraillet bertsolariak.

Saioaren ondotik erabakita geldituko da, Maddalen Arzallus, Odei Barroso eta Miren Artetxe bertsolariekin batera zein bederatzi bertsolari izanen diren Final Herenetan kantatuko dutenak. Saioa 17.00ean hasiko da eta ohi bezala, sarrerak lekuan bertan erosi ahalko dira.