NAIZ

BAD antzerki eta dantza jaialdiak 19 talde bilduko ditu Bilbon, horietako 13 Euskal Herrikoak

Bilboko Udalak antolatzen duen BAD Bilbao Antzerkia Dantza jaialdiaren 22. edizioa egingo da urriaren 15etik 27ra. Guztira 19 konpainiak parte hartuko dute, horietako 13 Euskal Herrikoak, eta hiriko sei aretotan ariko dira: Bilborock, Campos antzokiko Kupula aretoa, Harrobia, Berreginen museoa eta La Fundicion.

Egitaraua urriaren 15ean hasiko da, Campos antzokia eguneko egoitza nagusi dela. Kupula aretoan bi euskal taldearen lanak izango dira: Larutan Danza taldeak ‘Taito - Ku’ aurkeztuko du, Maria Andres koreografoarena, 19.30ean, eta Artedramak ‘Zaldi Urdina’ obra taularatuko du.

BADen edizio berrian erabateko bost estreinaldi izango dira: Macarena Recuerda Sheperd-en ‘The watching machine’, La Cocina / Mama Crea-ren ‘La maniobra Heimlich. Vomitando los 80’, Oihana Vesga eta Nerea Gurrutxagaren ‘Leiho zikin, zeru garbi’, Input Dantzaren ‘Imperfectas’ eta Benetan Be taldearen ‘Porno vs Afrodita’.

Gainera, zazpi obra lehen aldiz ikusiko dira Euskal Herrian: cabosanroque-ren ‘No me hace brossa’, Emilio Rivas / La Ofrenda-ren ‘Los años de la felicidad’, As Marias-en ‘Las 2 en punto’, Julian Pacomio eta Angela Millano-ren Psycho’, Oligor y Microscopia-ren ‘La Melancolía del turista’, Ripley-ren ‘Catástrofe’ eta Barbara-ren ‘Várvara’.

Nabarmendu dutenez, jaialdiak «tokiko talentuaren alde egindako apustu sendoaren erakusgarri» da aurtengo egitaraua. Aipatutakoekin batera, Koldo Arostegui (‘Bobo’), Fábrica de Brujas (‘El ascensor - Igogailua’), Neri(h)ari eta Myriam Perez Cabezon (‘Mutu’) eta Beatriz Churruca (‘Hago carrera’) euskal talde eta artistak ariko dira.

Gainera, urriaren 13tik 23ra, metroaren Santutxuko geltokian (Karmeloko sarbidea), Eva Guerreroren ‘Donde yo empiezo, tú terminas’ argazki erakusketa izango da ikusgai.

Sarrerak jaialdiaren web orriaren bidez eskuratu ahal izango dira (www.badbilbao.eus), bai eta programazioa duten espazioetako batzuetako txarteldegietan eta webguneetan, eta BADeko informazio bulegoan (San Frantzisko Udal Zentroa, urriaren 13tik aurrera).

BAD jaialdia #BilbaoUdazkena2020 ekimenaren barruan dago. Horren baitan, kultur ekimenak antolatuko dira hiria urrian eta azaroan, Bilboko Udalak kulturgintzaren alde egindako apustuan, ohartuta sektore hori dela covid-19aren krisiak gehien eragiten duenetako bat.