Bihartik aurrera esperientzia berezia biziko du Gasteizko katedral zaharrera doan bisitariak. Birtualki bidaiatuko du IX. mendera, handik XX. mendera iritsi arte.
Santa Maria plaza, Santa Maria kantoia eta kanpandorrea dira hiru abiapuntuak. Bertan, errealitate birtualeko betaurrekoak jantzi eta 360 gradutan sortutako ikus-entzunezko piezez gozatu ahal izango da.
Santa Maria enparantzan sorrerako Gasteiz ezagutu ahal izango da IX. mendetik lehenengo Santa Maria elizaren eraikuntza bitartean, XX. mendean. Hura izan zen gaur egungo katedralaren genesia.
XIV. mendearen bigarren erdialdean, sarrerako atea metro batzuk eskubirago eraman zen. Eta ondoren sarrera Fray Zacarias kalera mugitu zen atzera.
Bigarren agertoki honetan, atera berregiteaz gain, ingurune osoa birsortu da birtualki. Hala, kanpandorrearen, Andatarren dorrearen eta Santo Domingo komentuaren eta gainontzeko hiriaren eraikuntza ikus ditzazke bisitariak.
Azkenik, hirugarren puntuan katedralaren kanpandorrera joango da bisitaria, 60 metroko altueran, bertatik hiri osoaren ikuspegiaz gozatu ahal izango du.
Esperientzia birtuala katedralaren kriptara eta hiriko harresira egindako bisitarekin osatuko da.