NAIZ

Eizagirre, Arkauz eta Jaioren atxiloketak salatu eta konponbide garaia dela aldarrikatu dute

Ekhiñe Eizagirre, Kepa Arkauz eta Imanol Jaioren atxiloketak salatzeko mobilizazioak egin dituzte gaur arratsaldean Zarautz, Arrasate, Abadiño eta Ziburun, Sarek eta EH Baik deituta, haien askatasuna exijitu eta konponbide garaia dela aldarrikatzeko.

Zarautzen Ekhiñe Eizagirreren askatasuna aldarrikatu dute. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
Zarautzen Ekhiñe Eizagirreren askatasuna aldarrikatu dute. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Elkarretaratzeak egin dituzte gaur arratsaldean Ziburun, Abadiñon, Arrasaten eta Zarautzen, Ekhiñe Eizagirre eta Kepa Arkauz preso ohiak eta Imanol Jaioren askatasuna aldarrikatzeko. Beste hainbat herritan ere egin dituzte mobilizazioak Guardia Zibilaren operazioa salatzeko.

Ziburun, Jaioren bizilekuan, 19.00etan egin duten kontzentrazioa, EH Baik deituta. Atxilotuak aske uzteaz gain, konponbidea ere aldarrikatu dute.

EH Baiko kide Jokin Etxebarriak «Guardia Zibila eta Auzitegi Nazionaletik burutzen ari diren probokazioak eta aitzineko eskemetan oinarrituriko erasoak» salatu ditu, eta horren aurrean ez dutela etsiko ohartarazi du. «Segituko dugu mobilizatzen eta guztion artean eraikitzen bakean eta justizian oinarritutako Euskal Herria».

Zarautzen (Izagirreren herria), Abadiñon (Jaioren sorlekua) eta Arrasaten (Arkauzen herria) ordu erdi beranduago izan dira mobilizazioak, Sarek deituta. Zarautzen manifestazioa egin dute, segurtasun distantziak mantenduta; Arrasaten kontzentrazio jendetsua izan da, Seber Altube plazan, eta Abadiñon ere elkarretaratzea egin dute ehunka lagunek. Guztietan atxilketak gaitzetsi eta «konponbide garaia» dela aldarrikatu dute.