Altsasu eta Miranda de Ebro arteko Arabako trenbide-korridorearen eragin-eremuko biztanleek denbora daramate aldiriko trenari benetako bultzada emateko eskatzen.
Izan ere, Iruña Oka, Gasteiz, Dulantzi, Agurain eta Altsasu udalerriak lotzen dituen korridorean azken urteetako murrizketak areagotu egin dira pandemiaren testuinguruan.
Horren harira, EH Bilduk Miranda-Altsasu trenbideko aldiriko zerbitzuen murrizketa berriei buruz galdetuko dio ahaldun nagusiari asteazkeneko kontrol saioan.
Osoko bilkura egiteko ordu gutxi falta direnean, Kike Fernandez de Pinedo EH Bilduko bozeramaileak gogorarazi du Miranda-Gasteiz-Altsasu trenaren zerbitzuak murrizten joan direla azken urteotan, baina orain egoerak okerrera egin duela, herriei kalte egiten dieten zenbait zerbitzu kenduz.
«Ez da batere ulergarria Ahaldun Nagusiak mugikortasun iraunkorra eta garraio publikoa indartu behar direla dioen bitartean, aldiriko trena bezalako oinarrizko garraioa ahultzea», adierazi du bozeramaileak.
Izandako kexen ostean, Renfekk zerbitzu batzuk berrezarriko dituela iragarri du, baina beste batzuk bertan behera geratu dira. Hala ere, EH Bilduren arabera, pandemiaren aurreko zerbitzu guztiak berrezarri arren, oraindik ez dira nahikoak herrietako mugikortasun beharrak asetzeko.
Hori dela eta, korridoreko udal guztiek eskatu duten bezala, koalizio subiranistak trena indartzeko eta bultzatzeko eta zerbitzuak nabarmen handitzeko eskatu du. Era berean, Fernandez de Pinedok geltokiak modernizatzeko eskatu du, Arabatran proiektuak proposatzen duen bezala.
Atzerapausoa lurralde orekan ere
Proiektuez haratago, EH Bilduk salatu du murrizketa horiek atzerapauso bat direla lurralde orekaren ikuspuntutik.
Hori dela eta, Diputazio Nagusiari galdetuko dio zein den Aldundiak tren zerbitzuen murrizketaren aurrean duen jarrera eta balorazioa, bai mugikortasunaren aldetik, bai lurralde orekaren aldetik, eta ea inplikatuko den herriek tren soziala indartzeko eta bultzatzeko egiten duten eskaeran.
Azkenik, EH Bilduk eskatu du EAJ-PSE Gobernuari eskuduntzak ematea herrietako tren zerbitzuen murrizketa honen aurrean, zerbitzu horiek hobetzeko eta, oro har, trenaren aukera indartzeko.