NAIZ

Tradizioak eta abangoardiak bat egingo dute Bermeoko Mareak kultur jaialdian

Kontzertuak, dokumentalak, hitzaldiak, ibilaldiak eta antzerkia izango dira protagonista asteartetik igandera Bermeon, Mareak jaialdiaren barruan. Jaialdia herriko areto ezberdinetan ospatuko da.

Larunbatean Jozef Van Wissem-en kontzertua izango da, Frantziskotarren Klaustroan. (NAIZ)
Larunbatean Jozef Van Wissem-en kontzertua izango da, Frantziskotarren Klaustroan. (NAIZ)

Mareak Tradizioa eta Abangoardia Herri Kulturan izeneko jaialdiaren seigarren aldia ospatuko da Bermeon, asteartetik igandera, urriaren 6tik 11ra. Kontzertuak, dokumentalak, hitzaldiak, ibilaldiak eta antzerkia izango dira Bizkaiko udalerriko areto eta gune ezberdinetan egingo den ekimenean.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, osasun egoera dela-eta egun indarrean dauden prebentzio eta segurtasun arauak aplikatuko dira emanaldi guztietan. Aretoen edukiera murriztua izango da, tenperatura neurtuko zaie sartzen direnei, eskuak garbitzeko produktuak izango dira sarreran eta musukoa jarrita eramatea derrigorrezkoa izango da.

Mareak jaialdia asteartean hasiko da, urriaren 6an, Jörg A. Hoppe, Heiko Lange eta Klaus Maeck-ek 2015ean zuzenduriko ‘B-Movie: Lust & Sound Berlin (1979-1989)’ dokumentalaren proiekzioarekin, Nestor Basterretxea aretoan, 20.30ean (doan). Dokumentalak Mark Reeder Manchesterreko musikariaren istorioa kontatzen du. Reeder Alemaniako hiriburura joan zen 1970eko hamarkadaren bukaeran, hiriko eszena musikalak erakarrita.

Biharamunean, hilaren 7an, J.A. Mujika Alustiza Deustuko Unibertsitateko doktore eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Historiaurrea arloko irakasle titular eta arkeologoak ‘Giza-ehorzketak Euskal Herrian Historiaurrearen amaieran’ izenburuko hitzaldia eskainiko du, Nestor Basterretxea aretoan, 19.00etan (doan).

Mareak jaialdiko lehen kontzertua ostegunean izango da, urriaren 8an, Frantziskotarren Klaustroan, 20.00etan (3 euro). Thasakor bikote gernikarrak Afganistan, India edo Iran moduko herrialdeetako musika tresnez baliaturik sortzen dituen abestiak aurkeztuko ditu. Aritz Mugartegi eta Ander Cisneros dira bikoteko kideak.

Haurrentzako antzerkiak ere izango du lekua jaialdian, ostiralean, urriaren 9an, Didau Antzerki Faktoriak Bermeoko Kafe Antzokian taularatuko duen ‘Frankenstein’ obrarekin. Mary Shelley-ren klasikoan oinarritutako lanaren emanaldia 18.00etan hasiko da (doan).

Halaber, larunbatean, urriaren 10ean, Maria Martinez Pison ‘Mary Bramble’ Hezkuntza psikologo eta UOC (Universitat Oberta de Catalunya) unibertsitateko irakasleak ‘Oficios populares vinculados prácticas mágicas en el folklore vasco’ (‘Praktika magikoei lotutako herri lanbideak euskal folklorean’) hitzaldia eskainiko du, 19.00etan hasita, Fratziskotarren Klaustroan (doan).

Egun berean, baina 20.00etan, Xake Produkzioak konpainiak ‘Fadoak entzuten zituen gizona’ antzezlana aurkeztuko du Nestor Basterretxea aretoan (sarrerak bertan). Taldearen hitzetan, «‘Fadoak entzuten zituen gizona’ bidaia bat da: road movie filmak existitzen diren moduan, ‘road play’ bat izango litzateke».

Ibilaldi psikogeografikoak

Bermeon zehar ‘ibilbide psikogeografikoak’ egiteko aukera ere eskainiko du Mareak jaialdiak. Larunbatean eta igandean, urriaren 10ean eta 11n, Ian Mason «anarkista agnostikoak» ibilbide bat proposatuko du herrian zehar, ‘Bermio, hiru aldiz suzko aztarna. Jite magiko eta sinboliko bat’ izenburupean. Irteera 11.00etan izango da bi egunetan, Frantziskotarren Klaustroan (doan).

«Espirituaren begiradarekin eta psikogeografiaren pausoekin, forma magiko eta poetiko bati jarraituz hiribilduan paseatzera gonbidatuko gaitu, non eraikin eta kaleen muga arkitektonikoek irudimenarekin eta interpretazio sinbolikoarekin bat egiten duten, Bermeok gugan beste maila inkontzienteago batean eragin dezan utziz», azaldu dute antolatzaileek.

Mareak jaialdiaren seigarren edizioa bukatzeko, hiru kontzertu izango dira larunbatean, urriaren 10ean. Hasteko, 13.00etan, Okzitaniako Tolosako Gofannon taldea ariko da Frantziskotarren Klaustroan (3 euro). Folkaren bitartez, eta Europa osoko Erdi Aroko musika tradizionalean inspiratuta, hizkuntza aniztasuna islatzen dute taldearen abestiek, okzitaniera, ingelesa, frantsesa eta suediarra erabilita.
Ondoren, 19.00etan, Frantziskotarren Klaustroan berriro, Josef van Wissem musikari herbeheretarra ariko da (6 euro). Lautea jotzen duen Rotterdam hiriko konpositorearen musikan neo folk eta stoner rock soinuen kutsua aurki daiteke. Gary Lucas (Magic Band), Zolas Jesus eta Jim Jarmusch-ekin kolaboratu du; hain zuzen, Jarmusch-en ‘Only Lovers Left Alive’ filmaren soinu banda sortu zuen, eta 2013ko Cannes Soundtrack saria irabazi horri esker. «Josef van Wissem rara avis horietako bat da, antzinako soinuak abangoardiarekin uztartuz oroitzen dituena, guztia aparteko mistika eta sentikortasun batean bilduz», adierazi dute antolatzaileek.

Azkenik, Tercer Sol eta Hermana Mary taldeek joko dute Bermeoko Kafe Antzokian, 21.30ean (10 euro). Tercer Sol laukote valentziarra da. Pop ilun eta psikodelikoa egiten du, oihartzun eta loopez betea, Velvet Underground eta Spacemen 3 banden eraginarekin, noise pop, post punk, psikodelia oniriko eta space rock doinuetatik igaroz. Hermana Mary talde bilbotarrak dark oihartzunak eta post-punk sentikorrena gurutzatzen ditu bere musikan, neo folk ñabardurekin eta psikodelia ukituekin, kabaret kutsua ahaztu gabe.

Emanaldietarako sarrerak sarean erosi daitezke Bermeoko Kafe Antzokiaren webgunean. Doako ekitaldietarako, eta covid-19aren pandemiak eragindako edukiera murrizketak direla eta, sarrera erreserbatu beharko da webgune bera erabiliz. Bide horretatik erosi ezin izango diren sarrera bakarrak ‘Fadoak entzuten zuen gizona’ antzezlanarenak dira, eta Bermeoko Kultur Etxean bertan erosi beharko dira.