NAIZ

Izarok Euskaldunan emango duen kontzertua hiru saiotan banatu da

Bilboko Euskalduna Jauregiko auditoriumean urriaren 16rako aurreikusita zegoen Izaroren kontzertua hiru hitzorduetan banatu behar izan da. Ikus-entzuleek ostegunean, urriaren 15ean, 20.30ean, edo ostiralean, urriaren 16an, 19.00etan edo 22.00etan, joatea aukeratu ahal izango dute.

Izaro, Euskalduna Jauregiaren aurrean. (Luis JAUREGIALTZO / FOKU)
Izaro, Euskalduna Jauregiaren aurrean. (Luis JAUREGIALTZO / FOKU)

Covid-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko beharrezkoak diren prebentzio neurrien ondorioz, eta auditoriumaren edukiera murriztu egin denez, urriaren 16an, ostiralean, 20.30ean Izarok eman behar zuen kontzertua hiru saiotan banatuko da.

Hau da, dagoeneko sarrera eskuratu duen erosleak, kontzertura ordutegi hauetakoren batean joatea aukeratu beharko du: urriaren 15ean, 20.30ean, edo ostiralean, urriaren 16an, 19.00etan edo 22.00etan. Kanal bat edo beste erabilita eskuratu badira ere, sarrera guztiek erosketaren lokalizazio zenbakia dutela dio Euskalduna Jauregiak, ZZ00an bukatzen den 15 digitu eta karaktereren segida, barra kodearen goialdean.

Ostegun honetan, urriaren 8an, 10.00etan, aktibatuko da prozesua Euskalduna Jauregiaren webgunean. Bertan, Izaroren kontzertuaren atalean, egunaren eta orduaren hiru aukerak agertuko dira. Eguna eta ordua aukeratu ondoren, ordaintzeko moduaren atalean, sistemak sarrera zaharren lokalizazio zenbakia sartzea eskatuko du, eta sarrera berriak e-mailez bidaliko dira.

Euskaldunak gogorarazi nahi izan du sarrerak kanal bat edo beste erabilita eskuratu badira ere, egun eta ordu berriaren aukeraketa online egin daitekeela, horretarako lokalizazio zenbakia baino ez delako behar.

Txarteldegiak ordu hauetan egongo dira zabalik: astearteetan 12.00etatik 14.00etara; asteazkenetik ostiralera 18.00etatik 20.00etara; eta ikuskizuna dagoen egunean 18.00etatik ikuskizuna hasi arte. Dirua itzuli behar bada, idatziz adierazi beharko da, mezu elektronikoa bidaliz taquilla.euskalduna@gmail.com helbidera, sarreren kopia erantsiz.