NAIZ

Miramongo Matinée-ak larunbat honetan itzuliko dira

Udaberrian galdutako proposamenetako batzuk berreskuratuko dira, orkestrako hainbat talde euren kontzertuak eskaintzeko prestatzen ari dira, Kup taldea eta Suhar korua. Abesbatzak zikloko gonbidatuak izango dira eta orkestra osoak entsegu orokor bat eskainiko du Robert Treviño titularraren batutapean.

Diatessaron taldea. (NAIZ)
Diatessaron taldea. (NAIZ)

Larunbat honetan hasiko da Euskadiko Orkestraren egoitzan Miramongo Matinéeen 2020/2021 denboraldia. «Orkestraren ganbera zikloa klasiko bat da eta duela hainbat hamarkadatik asteburuetako musika eskaintzan», nabarmendu dute arduradunek. «Zikloaren denboraldia osatuko duten 16 kontzertuek hirukote, laukote eta boskoteetarako idatzitako musika aukera zabala hartzen dute barne. Beethoven asko eskainiko da, Bachen Brandenburgeko kontzertu ezagunetako hiru, musika koral ugari egongo da eta baita tangoa ere Piazzola musikagilearen eskutik», adierazi dute.

Hasteko, Covid-19aren munduko pandemiaren ondorioz 2020ko martxotik ekainera bitartean bertan behera utzi behar izan ziren hainbat programa berreskuratuko dira.

Ondoren, bosgarren hitzordutik aurrera etorriko dira nobedadeak, ohi bezala, Euskadiko Orkestrako musikaz osatutako hainbat ganbera-talderen eskutik, tartean Mefisto Laukotea, Attacca Laukotea, Bach Camerata Miramon o Alma Hirukotea eta Lagunak, baina baita Kup Taldea edo Suhar Korua gure lurraldeko abesbatza garrantzitsuen eskutik ere. Miramongo Matinéeen ohiko formatu txiki eta intimotik aldenduko den kontzertu nagusia orkestra osoak apirilaren erdialdean Ravelen ‘La valse’, ‘Alborada del gracioso’ eta ‘Bolero’ lanekin eskainiko duen entsegu orokor irekia izango da.

Beethoven eta Schubert lehen Matinéean larunbat honetan ‘Klasikoak?’ izeneko kontzertuan, 11.00etan, Belharra taldeak –Anne-Marie Harmat (biolina), Mikel Ibañez (biolina), Natacha Dupuy-Scordamaglia (biola) eta Pascale Michaud (biolontxeloa) Euskadiko Orkestrako kideek osatzen dutenak–, Franz Schubert eta Ludwig Van Beethoven ospetsuen hari-laukoteak interpretatuko dituzte.

Franz Schuberten ‘Rosamunde’ laukotearekin hasiko da kontzertua, Ignaz Schuppanzighi eskainita dagoen obra, Razumovsky kondearen laukoteko lehen biolinari, alegia. Obra 1824an konposatu zen, eta etengabeko akonpainamendu batekin hasten da, konpositorearen bizipozaren eta haren gaixotasunagatiko antsietatearen arteko patua eta zalantza irudikatzen dituena.

Bigarren eta azken obra Beethovenen ‘9. Kuartetoa’ izango da, 1806an konposatua (konposatzailea jada ia erabat gor zegoenean), alemaniarrak Razumovskyko kondeari eskaini zionetako hirugarrena da, bere lehen mezenasetako bat izan zenari, alegia. Laukote hori da hiruetatik indartsuena eta irribarretsuena.

Zikloak 29 urteko etenik gabeko historiako ediziorik zalantzazkoena izango du aurten ziurrenik. «Zalantzazkoa da, neurri handi batean, bere garapena Covid-19 pandemiaren bilakaeraren eta gure lurraldean izango duen eraginaren araberakoa izango delako. Hala ere, edizio segurua izango da, beti unean-unean indarrean dauden segurtasun-neurriak zorrotz beteko baitira», argitu dute.

Miramongo Auditoriumean gaur egungo egoerak eskatzen dituen neurriak hartuko dira: beharrezkoa izango da maskara erabiltzea, segurtasun-tartea eta aretoko langileek sartzeko eta irteteko emandako jarraibideak errespetatuko dira, eta sarreran derrigorrezkoa izango da eskuak gel hidroalkoholikoarekin garbitzea. Esku-programa ez da eskuan entregatuko, baina mugikorraren bidez jaitsi ahal izango da auditoriumeko sarreran jarriko diren QR kodeak erabiliz.

«Ez sarrerarik ez abonamendurik ez da salduko kontrakorik esan arte
Indarrean dauden edukiera-mugen ondorioz, ez da ez sarrerarik ez abonamendurik salduko kontrakorik adierazi bitartean, izan ere, dagoeneko zikloak dituen abonatuekin auditoriumaren edukiera beteta baitago. Denboraldian zehar egoera hau aldatuko balitz, salgai jarriko liratekeen sarrera solteek 7 euroko prezio bakarra izaten jarraituko lukete eta euskadikoorkestra.eus webgunean eta Kursaal Auditoriumeko leihatilan eros ahal izango lirateke. Gainera, aforo librerik balego eta osasun-baldintzek ahalbidetuko balute, orkestraren egoitzako leihatilan bertan eros ahal izango lirateke dagokion kontzertuaren egunean», esan dute.

Kontzertuak larunbatetan izango dira, goizeko 11.00etan, Euskadiko Orkestraren Miramongo egoitzan. Horietara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus zerbitzua eskaintzen jarraituko du Matinéetara bertaratu nahi duen ororentzat. 10.25ean abiatzen da Gipuzkoa Plaza 4 zenbakitik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.