NAIZ

Gatazka politikoari irtenbide demokratikoa ematea eskatu dute Sortuk eta Sarek

Sortuk eta Sarek Kepa Arkauz, Ekhiñe Eizagirre eta Imanol Jaioren atxiloketak salatu dituzte. Baldintzapean aske geratu diren arren, bi erakundeek espainiar Estatuaren jarraibidea kritikatu dute eta gatazka amaitzearen alde agertu dira. Estatuak «bide politiko eta demokratiko hutsen aldeko apustua egin dezan» eskatu du Sortuk.

Ekhiñe Eizagirre, etxetik atera zutenean. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Ekhiñe Eizagirre, etxetik atera zutenean. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Sortuk eta Sarek Kepa Arkauz, Ekhiñe Eizagirre eta Imanol Jaioren aurka egindako operazioa salatu dute. Baldintzapean aske geratzea berri ona dela nabarmendu du lehenak, baina zera ohartarazi du: «Horrek ezin digu bistatik kendu Estatu sakonak gatazka betikotzeko duen borondatea, prozesu judizialak aurrera segituko baitu».

«Estatuko estolderiak, berriz ere, erakutsi digu ez duela gatazka politikoa gainditzeko inolako borondaterik», kritikatu du Sortuk, laster 9 urte beteko dira Aieteko Bake Konferentzian gatazkaren konponbiderako bide-orria adostu zela gogoratuz. «Ordutik oztopoak jarri besterik ez du egin ETAren armagabetzea eta desegitea gauzatzeko zein egoera berrira egokitutako justizia eredua aplikatu gabe», gehitu du.

Euskal independentismoaren kontrako azken operazioen aurrean, Sortuk «beste maniobra baten aurrean gaudela» nabarmedu du eta azken hilabeteetan gertatutako Karlos Apezetxea eta Itxaso Zalduaren espetxeratzeak gogoratu ditu.

Estatuak «behingoagatik bide politiko eta demokratiko hutsen aldeko apustua egin dezan, bere biolentzia ekuazio politikotik ateratzeko eta herri honen borondateari oztopoak jartzeari utz diezaion» eskatu du Sortuk. «Espetxeak husteko garaia da, ez haiek betetzen jarraitzekoa», aldarrikatu du.

Sare: «Etorkizuna eraikitzeko apustuan sinisten dugu»

Sarek ere salatu nahi izan du «duela hiru egun ikusitako irudiek iragana gogorarazi zigutela» eta nabarmendu du «ondorengo askatzeak ez dio garrantzirik kentzen Poliziaren eta justiziaren jokabideari.

Elkarteko bozeramaile Inaxio Oiarzabalek «etorkizuna eraikitzeko apustuan sinisten» jarraitzen dutela azaldu du eta Donostian urrian egingo den manifestazioan parte hartzera animatu du.