NAIZ

Hogei artistari euren sorkuntza proiektuak garatzeko laguntza emango die Alondegiak

Bilboko Alondegiak hogei artistari euren sorkuntza proiektuak garatzeko laguntza eskainiko die 2020/2021 ikasturtean. ‘Babestu’ deialdi bereziaren bidez, pandemiaren ondorioz kaltetuak izan diren artistak lagunduko ditu.

Alondegian lanean ariko diren artistetariko batzuk. (NAIZ)
Alondegian lanean ariko diren artistetariko batzuk. (NAIZ)

Bilboko Alondegiak zentroak dituen programazio-lerroen inguruko proiektu artistikoak dituzten sortzaileei horiek gauzatzeko laguntza eskaini ohi die eta, asteazkenen honetan eraikin bilbotarrean egin duten aurkezpenean, 2020/2021 ikasturtean Alondegiak hartuko dituen hogei artisten proiektuak aurkeztu dituzte.

Alondegitik adierazi dutenez, zentroak hainbat ekimen garatzen ditu bere sei programazio-ildoei lotutako ikerketari, sorkuntzari eta ekoizpenari laguntzeko: arte garaikidea, arte biziak, zinema eta ikus-entzunezkoak, literatura, kultura digitalak eta gizartea. «Ekimen horiek beti dute zati publikoa, eta ikusleen komunitateei arte-gogoeta garaikidea egiteko bidea ematen die, dela egindako lanaren bidez, dela sormen-prozesuen bidez», zehaztu dute.

Hala, aurten Alondegian euren proiektuak garatzen ari diren edota garatuko dituzten hogei artisten izenak ezagutarazi dituzte: Usue Arrieta, Vicente Vázquez, Ainara Elgoibar, Marc Vives, Nader Koochaki, Sra. Polaroiska (Alaitz Arenzana eta Maria Ibarretxe), Oscar Gómez Mata, Aimar Arriola, Laida Lertxundi, Isabel de Naverán, Macarena Recuerda Shepherd, Mario Paniego, Amparo Badiola, Gema Intxausti, Susana Talayero, Iván Gómez, Elena Aitzkoa, Sahatsa Jauregi, Borja Crespo & Raquel Meyers, Iker Vázquez, Irati Inoriza, Maider Aldasoro, Karlos Martínez, Camila Téllez, Josune Urrutia eta Miriam Isasi izango dira programa horietako partaide.

Alondegitik zehaztu dutenez, «horiek programazioari ekarpenak egiten dizkiote, formatu tradizionalak gaindituz, gure publikoekin lan egiten dute eta beste testuinguru batzuetara hurbiltzen gaituzte, bai herri mailan bai nazioartean; eta zentroak beharrezko baliabideak, espazioak eta prestakuntza eskaintzen ditu».

‘Babestu’ deialdi berezia

Hogei artista horietako batzuk ‘Babestu’ programaren deialdi bereziaren bidez ariko dira lanean Alondegian. Zentrotik sustatutako proiektu berezia da ‘Babestu’ eta honen helburua tokiko artista eta kultur eragileek pandemia egoeraren ondorioz jasan dituzten kalteak baretzen laguntzea da.

Deialdira ehun proiektu baino gehiago aurkeztu direla azaldu dute eta horien artean Elena Aitzkoa, Sahatsa Jauregi, Borja Crespo & Raquel Meyers, Iker Vázquez, Irati Inoriza, Maider Aldasoro, Karlos Martínez, Camila Téllez, Josune Urrutia eta Miriam Isasik aurkeztutako proiektuak hautatu dira.

Alondegiko profesionalen laguntza, aholkularitza eta bitartekotzaz gainera, 6.000 euro jasoko dituzte euren proiektuak garatu ahal izateko.