NAIZ

Kerman Diaz nagusitu da Xilabako laugarren kanporaketan

Kerman Diaz nagusitu da Larzabalen jokatu den Xilaba Bertsulari Xapelketako laugarren eta azken kanporaketan. Xan Alkhat eta Mizel Mateok egin dute bigarren eta hirugarren. Horrenbestez, erabakita geratu da final herenetako egutegia.

Kerman Diaz-ek 306 puntu bildu ditu Larzabalen. (XILABA)
Kerman Diaz-ek 306 puntu bildu ditu Larzabalen. (XILABA)

Xilaba Bertsulari Xapelketako laugarren eta azken kanporaketa jokatu da Larzabaleko Herriko Gelan. Kerman Diaz urruñarra nagusitu da 306 punturekin, eta gertutik segika izan du bigarren sailkatua, Xan Alkhat (304,5). Atzetik izan dituzte Mizel Mateo (299,5), Johaine Sarraillet (293), Oneka Arteaga Olasagasti (290,5) eta Josu Txoperena Iribarren (285).

Antolakuntzatik azaldu dutenez, 180 bertsozale inguru batu dira Larzabaleko Herriko Gelan eta giro ederrean joan da saioa. Igande honetakoarekin, erabakita geratu da final herenetako egutegia.

Hala, final herenetako lehen saioa datorren larunbatean, urriaren 17an jokatuko da Senpereko Larreko aretoan eta Miren Artetxe Sarasola, Aitor Servier Etxexuri, Kerman Diaz, Patxi Iriart Hiribarren, Irati Alcantarilla Urdanpilleta eta Gillen Hiribarren bertsolariek hartuko dute parte. Saioa 17.00ean hasiko da eta, ohi bezala, sarrerak lekuan berean erosten ahalko dira.

Final herenak beste bi saio izango ditu. Lehena urriaren 24an jokatuko da Sohütako Herriko Gelan, 17.00etatik aurrera, eta Maddalen Arzallus Antia, Maddi Sarasua Laskarai, Egoitz Zelaia, Maindi Murua Berra, Iker Altuna eta Elixabet Etxandi Goienetxe bertsolariek hartuko dute parte. Azken saioa urriaren 31ean izango da, Izturitzeko Herriko gelan: 17:00etan hasita, Odei Barroso Gomila, Maddi Ane Txoperena Iribarren, Xumai Murua Berra, Ramuntxo Christy, Xan Alkhat eta Ortzi Idoate lehiatuko dira azken saio honetan.