NAIZ

Tolosako Asuncion Klinikak astelehen honetan jakingo ditu PCRen emaitzak

Tolosako Asuncion Klinikak jakinarazi duenez, astelehen honetan langile guztiei egindako PCR proben emaitzak ezagutuko ditu, larunbatean langileen artean 22 positibo eta pazienten artean beste bi atzeman ondoren. Ordura arte, ospitalizazio berriak Bidasoako ospitalera eramango dira.

Tolosako Asuncion Klinika. (Jon URBE/FOKU)
Tolosako Asuncion Klinika. (Jon URBE/FOKU)

Tolosako Asuncion Klinikak astelehenean ezagutuko ditu 350 profesionalek osatutako plantillari egindako covid-19 testen emaitzak. Informazio horrekin, agerraldiaren «argazki osoa» izango du erietxeak. Oraingoz, 22 langileri eta bi erabiltzaileri eragiten die gaitzak.

Horren guztiaren ondorioz, zentroak bere jarduera murriztu du, harik eta langile guztien artean azterketa epidemiologikoa amaitu arte. Horrela, larrialdiek zein ospitalizazio plantek normalean bezala funtzionatzen dute, baina, kautelazko neurri gisa, ospitaleratu behar diren pazienteak Bidasoako eskualdeko ospitalera eramango dituzte eta ez dute onartuko ingreso berririk.

Hala, azken orduetan profesional eta gaixo guztiei egin zaizkie probak, eta orain arte jakinarazi da 22 pertsona daudela kutsatuta zentroko 350 langileen artean eta beste bi ingresatutako pazienteen artean.

Zentroko iturriek gogorarazi dute hartutako neurri guztiak Lakuako Osasun Sailarekin adostuta daudela, eta adierazi dute emaitzak aztertzen jarraitzen dutela. Astelehen honetan emaitza guztiak ezagutuko dira eta hauen arabera beharrezko diren neurriak hartuko dituzte.

Erietxeak azaldu zuenez, Lakuako Gobernuko Osasun Sailarekin «lankidetza estuan ari da lehenengo kutsatzeak atzeman zirenetik».

EH Bilduko legebiltzarkide eta Tolosako alkate ohi Ibai Iriartek azalpenak eskatu dizkio Gotzone Sagardui Osasun sailburuari.