‘Juristak demokraziaren alde. Eskubideak espetxean ere bai.’ izeneko manifestuaren aurkezpenean, Joseba Azkarraga Sareko bozeramaileak azpimarratu du euskal herritar asko eta haien senideak pairatzen ari diren «samina» salatu nahi dutela. «Lehenak beren etxeetatik ehunka kilometrora kartzelan egoteagatik; bigarrenak amaierarik gabeko bidaietara behartuta egoteagatik».
Azkarragak gogorarazi du urte asko daramatzatela urtarrilean manifestazio jendetsua eta beste hainbat ekitaldi egiten. «Jarduera horiek guztiek milaka pertsona bildu dituzte, eta, hala eta guztiz ere, Estatuko erakundeek aldaketa txiki batzuk baino ez dituzte egin», deitoratu du.
Hori dela eta, ideologia eta geografia esparru zabaleko 300 legelari inguruk sinatutako manifestuan, presoen eta haien familien egoera hobetzeko 6 puntu nagusi azpimarratu dituzte: Urruntze politika bertan behera uztea; gaixotasun larriak dituzten presoak aske uztea, beharrezkoak diren kautelazko neurriak hartuta; covid-19aren pandemiari aurre egiteko, presoen oinarrizko eskubideak gehiago errespetatzen dituzten neurriak hartzea; familia-bizitzarako eskubidea ahalbidetzeko neurriak hartzeko; erregimen irekiak, kondena etxean betetzeko aukera eta baldintzapeko askatasunak azkartu eta ahalbidetzea; eta presoen oinarrizko eskubideak bete eta errespetatzea.
«Legez kanpokoa»
Iñaki Lasagabaster eta Amaia Goirigolzarri manifestuaren sinatzaileek aurkezpenean azpimarratu dutenez, «egungo espetxe politikaren aplikazioaren larritasun handiena legez kanpokoa izatea eta oinarrizko eskubideak ez errespetatzea da».
«Aldarrikapen demokratikoaren aurrean, eskubideak ukatzera mugatzen den jardun politiko bat dago, eta arauetan jasota ez dauden betekizunak asmatzen dituzte -eta hitz hori, asmatu, azpimarratu nahi dugu-, eskubide horiek betetzeari dagokionez», azaldu dute.
Zentzu horretan, espainiar Estatuko eta Europako arau guztiek presoak familia-bizitzarako eskubidea duela, eta eskubide hori baliatzeko ezinbesteko baldintza dela bere familiaren bizilekutik hurbil dagoen espetxe batean izatea destinoa» ezartzen dutela gogoratu dute.
Manifestua sinatu dutenen artean, euskal eta kataluniar legelariak dira nagusi, August Gil Matamala kasu, baina espainiar Estatuko hainbat legelari ere badaude, Martin Pallin, besteak beste.
Azkarragak adierazi duenez, manifestua Euskal Herriko eta espainiar erakundeei, Kongresuko talde parlamentario guztiei eta euskal presoei igorriko diete.