NAIZ

Independentziak inoizko babes handiena dauka Eskozian (%58)

Eskozian independentismoa maximo historikoetan dabil, azkeneko inkestan %58ko babesa jaso ostean. Beste inkesta baten arabera, herritarren %75ak babestuko luke independentzia horrek ekonomia hobetuko balu.

Independentziaren aldeko mobilizazioa Glasgown. (AFP).
Independentziaren aldeko mobilizazioa Glasgown. (AFP).

Londreseko Ipsos Morik egindako inkestaren arabera, Eskoziako %58ak baiezkoa bozkatuko luke independentziaren inguruko erreferendum berri batean. Erabakiak hartuta ez dutenak kentzerakoan, eskoziarren %42ak batasunean jarraitzearen alde egin du.

Erabaki gabekoak barne, eskoziar gizartearen %55ek «Bai» bozkatuko luke, %39ak «Ez» eta %6ak ez daki zer egingo duen. Hau da independentismoak inoiz jaso duen babes zabalena. Zentzu horretan, azkar erantzun du Nicola Sturgeon premier eskoziarrak: «Ez naiz inoiz ziurrago egon Eskozia independente izango dela esateko».

Ipsos Moriko zuzendari nagusi Ben Pagerk ere galdera bota du. «Erresuma Batuaren amaiera ote da hau?» Galdeketa urriak 2 eta 9 artean egin zuten.

Era berean, parte hartu duten eskoziarren bi herenek (%64) esan du maiatzeko hauteskundeetan SNPk gehiengoa irabaziko balu Erresuma Batuko Gobernuak hurrengo independentziarako bigarren erreferenduma onartu beharko lukeela hurrengo bost urteetan.

Ekonomia, ardatz

Independentziarako bidean, Brexita eta koronabirusa dira eztabaidagai irletan. Eta guztiaren gainetik ekonomia kokatzen dute eskoziarrek, bai Europar Batasunetik irtetean, bain osasun krisiak horretan duen eragina nabarmena izanik. Izan ere, Survationek egindako beste inkesta baten arabera, herritarren %75ak babestuko luke independentzia horrek ekonomia hobetuko balu.